argia.eus
INPRIMATU
Biolentzia matxistaren biktima baten etxegabetzea geldiarazi dute Barakaldon
  • Uztailaren 24an jakinarazi zioten Barakaldoko emakume bati etxetik botako zutela astearte honetan, baina mobilizazio eta protestek behin behinekoz etxegabetzea gelditzea lortu dute. Biolentzia matxistaren biktima da emakume hau, eta bi seme ditu bere karguan. Horrez gain, ez du beste bizilekurik; beraz, etxe kaleratze hau jurisprudentziaren aurka izango litzateke.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko uztailaren 30
Astearte goizean egindako elkarretaratzea. Argazkia: Juanjo Basterra @jotabe1963

Hogei bat pertsona elkartu dira Barakaldoko Felicidad kalean, bertako bizilagun bat etxetik bota nahi baitzuen Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Aholkularitzak, baina etxegabetzea gelditzea lortu dute protesten bidez. Berri Otxoak Gizarte Bazterketaren Aurka eta Gizarte Eskubideen Aldeko elkarteak jakinarazi duenez, etxetik bota nahi duten emakumea adin gabeko bi semeekin bizi da.

Gizarte bazterketaren aurkako eragile honek eta Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak prentsa ohar baten bidez azaldu dutenaren arabera, etxegabetze saiakera honek protokolo, arautegi eta jurisprudentzia guztiak urratzen ditu, “adin gabekoak bere kargu” dituen biolentzia matxistaren biktima baita etxetik bota nahi dutena.

Etxegabetzearen irregulartasunaz gain, Barakaldoko Udalaren gizarte baliabide zerbitzuek eta Etxebide Etxebizitza Zerbitzuak familiaren eskakizunei kasurik egin ez izana salatu dute. Nahiz eta Arartekoa jakinaren gainean egon, erantzunik ematen ez dietela gehitu dute.

Kasu hau salatzeko, asteartean goizeko 9:00tan kontzentrazioa egin dute etxegabetzea egin nahi duten atariaren aurrean. Murrizketarik EZ! eta No Desahucios (etxegabetzerik ez) lemapean egin dute protesta, eta goizeko 10:00ak aldean jakinarazi dute etxegabetzea behin behinekoz gelditu dutela.

 

 

 

Berri Otxoak eta Argitan elkarteek plazaraturiko prentsa oharra.