Astelehenean egindako inspekzioaren ostean hartu da erabakia, azken asteetan izan diren istripuen harira.
Larunbatean izan zuen Profersa ongarri enpresak istripua bigarrenez, apirilaren 26an jada auzokideak kezkatu zituen ke-lainoak Zorrotza estali zuenetik. Bilboko Auzo Federakundeak urteak daramatza Zorrotzako Profersa eta Sader enpresen lantokien lekualdatzea eskatzen, sortzen dituzten hondakinek eta ekoizpen prozesuetan isurtzen dituzten gasek auzoko airearen kalitatea larriki kaltetzen dutelako. Bi lantokiak hirigunean bertan daude, auzokideen bizitokietatik metro eskasetara, hala, pasa den martxoan, Bilboko Udalaren osoko bilkuran aurkeztu zuten enpresak lekualdatzeko mozioa beste behin, sei urte lehenago, 2018an lehenengoz egin zen bezala. Ordainetan Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea neurtzeko bi gailuren “premiazko” instalazioa onartu zuen.
Bi enpresek aho batez onartu zuten haien jardunak dakartzan ingurumenarekiko eraginen neurketa, esanez maiz izaten dituztela aldez-aurretik ohartarazi gabeko inspekzioak, zeinetan betetze-neurri handiak izaten dituzten. Auzokideek ordea ez zuten begi onez ikusi erabakia, eta lantokien berehalako lekualdatzearen aldeko mobilizazioak hasi zituzten. Apirilaren 26ko lehen istripuaren ostean, berriz ikusi zitekeen larunbatean ke-laino trinkoa Zorrotzan, Jaurlaritzaren enpresa kautelaz ixteko erabakia eragin duena. Neurri horretaz gain, jada Bilboko Portua hasi da Agaleus enpresari, Sader eta Profersa barne hartzen dituena, 17.500 metro karratuko lurzoru bat egokitzeko izapideak martxan jartzen. Agaleusek Zierbenara leku aldaketa hau “epe luzerako” aukera dela azpimarratu du, beraz, oraindik prozesua hastapenetan soilik aurkitzen da.
Sader eta Profersaren lekualdatzea geroz eta gertuago dagoen errealitatea dela dirudi, naiz eta aurretiaz, Bilboko Udalak 2028a baino lehen gertatuko ez zela aurreikusi; azken bi asteetako istripuek, ordea, lantokiak eztabaida bizia sortu du eta badirudi prozesuak uste baino lehenago egingo duela aurrera.