argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak azokak debekatu eta nekazariak sutu ditu
  • Eusko Jaurlaritzak herrietako azokak debekatu ditu asteazkenetik hasi eta alarma egoera iraun bitartean. Alarma egoera amaitzen denerako neurri zorrotzak ezarri ditu ere. EHNE Gipuzkoa eta ENBA nekazarien elkarteak oso haserre agertu dira erabakiarekin.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko apirilaren 08a
Ordiziako azoka. Argazkia: Enba.es

EAEko aldizkari ofizialak asteazkenean publikatu du Osasun sailburu Nekane Murgaren agindua: “Elikagaiak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azoka tradizionalen jarduera aldi baterako etetea ezartzen da”. Alarma egoera amaitzean egin ahal izango dira merkatuak berriro.

Behin merkatuak irekirik, eta Osasun Sailak egoera bere onera bueltatu dela iritzi bitartean, neurri bereziak eta zorrotzak bete beharko dituzte nekazariek. Saltokien artean gutxienez sei metroko distantzia egon beharko du, eta postu bereko langileen artean bi metroko distantzia gorde beharko da, besteak beste.

EHNE Gipuzkoa eta ENBA, oso haserre

Agindua publiko egin eta ordu gutxira EHNE Gipuzkoak zein Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) haien haserrea agertu dute. “Aski da!”, esan du EHNEk, erabaki “ulertezina” eta “tamalgarria” dela salatu du ENBAk.

EHNE Gipuzkoak Eusko Jaurlaritzaren nekazarien aurkako “tema” salatu du: “Baserritarrok gure produktuak saltzetik bizi gara. Egoera dagoeneko zaila baldin bada, ulergaitza da beste oztopo bat jartzeko tema hori”. EHNEk zalantzan jarri du Jaurlaritzak neurri hori hartzeko eskumenik ote duen ere: “Azokak udal eskumena dira, eta osasun neurriak, une honetan, estatuaren eskumena”. Beste lurralde batzuetan merkatuak egiten ari dira, EHNEren esanetan, hala nola Katalunian.

Azkenik, EHNEk azoken garrantzia defendatu du: “Herrietako elikagai denda txikiak bertako produktuak komertzializatzen direla bermatzen duten guneak dira. Horiek denak tokiko ekonomika indartzen dute, baita herritarren lanpostuak ere”.

ENBAren irudiko, aginduak Jaurlaritzaren deskoordinazioa agerian uzten du. “Osasun Sailak azokak debekatzen dituen egun berean, Merkataritza sailak Merkatuak babesteko kanpaina hasi duelako, hitzez hitz, elikagai fresko eta bertakoaz hornitzeko guneak betetzen duten papera aldarrikatuz”. Eusko Jaurlaritzari eta EUDELi exijitu die merkatuak sustatzeko eta elkarlanean aritzeko.