argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak azala berritu du
  • Urkulluk gidatuko duen gobernu berriak hainbat aldaketa ditu, bai sailburuei dagokionez, bai antolakuntza arloan. Murga eta Uriarte kanpoan geratu dira, Arriola Jaurlaritzan mantentzen da. Sei sailburu gizonezkoak dira eta bost emakumezkoak. Sailburu elebakarren kopuruak hirutik bira egin du.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 07a
Argazkia: irekia.eus.

EAJ eta PSEren arteko gobernu formula zaharra mantentzen du asteburuan aurkeztu den Eusko Jaurlaritza berria. Gobernuaren osaera ez ezik, politika egiteko moduak eta norabidea mantentzeko asmoan berretsi da Jaurlaritza egunotan. Aldiz, aldaketa esanguratsuak daude bai sailburuen izenetan, bai Jaurlaritzaren antolaketari dagokionez

Heldu direnak eta badoazenak

Jaurlaritza 11 sailetan banatuta dago, eta bost sailburu berri ditu: Idoia Mendia, bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun sailburu; Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburu; Olatz Garamendi, Gobernantza eta Autogobernu sailburu; eta Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburu. Heldu berriei beste bost sailburu ohik egin diete leku: Hezkuntza sailburu ohi Cristina Uriartek, Turismo sailburu ohi Jose Antonio Retortillok; Segurtasun Sailburu ohi Estefania Beltran de Herediak (Madrileko Senatuan ariko da Beltrán de Heredia), Osasun Sailburu ohi Nekane Murgak; eta Lan eta Justizia sailburu ohi Maria Jesús San Josék. Zortzi sail EAJren esku daude, eta hiru PSErenean, baina PSEk kudeatuko duen diru kopurua nabarmen igo da.

Hezkuntza, osasuna, ingurumena

Politikoki esanguratsua da Hezkuntza eta Osasun sailetako arduradun nagusiak aldatu izana. Murgaren zein Uriarteren jardunak kritika ugari jaso du azken hilabeteetan, eta bien irudia nabarmen desgastatu da. Jaurlaritza berria ezagutu aurretik zabaldu zen PSEko Iñaki Arriola ere Jaurlaritzatik aterako zuela EAJk Zaldibarreko zabortegiaren krisiaren ondorioz. Ingurumen sailburu izateari utzi dio Arriolak, baina sailburu izaten jarraituko du, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Saila gidatuz.

Sail garrantzitsuen arduran mantenduko direnei dagokionez, Arantxa Tapia eta Pedro Aspiazu dira nabarmentzekoak. Azpiazuk Ekonomia eta Ogasun Sailaren buru jarraitzen du, eta Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburu izendatu du Urkulluk.

Erkoreka eta Mendia

Urkulluren ondotik Erkoreka da Jaurlaritza berrian aginte handieneko pertsona: lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu da. Jaurlaritzaren bozeramaile izateari utziko dio, aldiz, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu bezala jarraitzen duen Bingen Zupiriak hartu duen ardura. Bigarren lehendakariordetza Idoia Mendiarentzat da, gobernua osatzeko EAJ eta PSE arteko negoziazioen ondorioz.

PSEk bezala Mendiak pisu politikoa irabazi du Jaurlaritzaren berritzearekin. Lehendakariorde bigarrena izateaz gain, aurreko legegintzaldian bi sailetan banatuta zeuden ardurak hartu ditu Lan eta Enplegu Saileko sailburu bezala.

Euskara eta parekidetasuna

Iragan Jaurlaritzan hiru ziren euskaraz ez zekiten sailburuak, eta osatu berrian bi dira: Beatriz Artolazabal jeltzalea eta Javier Hurtado sozialista. Genero parekidetasunari dagokionez, 11 sailburuetatik sei gizonezkoak dira, eta bost emakumezkoak.

Memoria eta bizikidetza

Sailetan eta sailburuetan ez ezik, Lehendakaritzan ere badira aldaketak. Orain arte Aintzane Zenarrok gidatu duen Gogora Institutua eta Jonan Fernández buru zuen Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailera pasa dira, Beatriz Artozabal sailburuaren ardurapean. Beste horrenbeste gertatu da Emakunderekin, Izaskun Landaidak gidatu duena aurreko legegintzaldian.