argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak Armentia-2 putzuan gasa ustiatzea baztertu du
  • Espainiako Kongresuan Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu berri da. Lege proiektuaren helburuetako bat gasaren ustiapena etetea izanik, ez luke zentzurik izango Armentia II-ko gas ustiaketarekin hasteak, EAJren esanetan.

     

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 12a
Subilla, Gasteiz.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko ohar batean jakinarazi du, Subilla Gasteizko Armentia II putzuan gasa ustiatzeari uko egin diola. Espainiako Kongresuan ostegunean onartu zen Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua EAJ eta PSOEren botoekin.

Berria egunkariak informatu duenez, hasieran Eusko Jaurlaritzak Armentia II putzuan gasa ustiatzearen aldeko jarrera erakutsi zuen, baina lege proiektuaren onarpenaren ondoren ez duela zentzurik aitortu dute. Lege berriaren ondoren hidrokarburoak ustiatzeko ez da baimen gehiagorik emango. Gasa ustiatzeko proiektua 2011n sortu zela gogorarazi du Jaurlaritzak eta proiektuaren aldeko ingurumen baimena badagoela. Lege berriak esplorazioa baimentzen du, baina ez gasaren ustiaketa, ondorioz, hau baztertzea erabaki dute. 

EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek albistea “pozgarria” dela esan dute. Mikel Otero EH Bilduko bozeramaileak denbora askoan itxarondako erabakia izan dela aitortu du: “Azkenean onartu dute aspaldian esaten geniona. Hau da, ez duela zentzurik gas putzurik egiteak, esplotaziorik egitea ezinezkoa izango bada”. Zigor Olabarriak ARGIAn Mikel Oterori egindako elkarrizketa aproposa da egoraren inguruko xehetasunak ezagutzeko.