argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak 3,5 milioi euroko faktura pasako dio Verter Recycling enpresari
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak adierazi du Zaldibarko zabortegiaren jabe den Verter Recycling 2000 SL enpresari beherala bidaliko dizkiola zabortegian egiten ari diren lanen lehen fakturak. Lehen blokea 3.420.988,71 eurokoa da.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 08a
Elkarretaratzea Zaldibarren bi langileak desagertu zirela lau hilabete igaro direnean. Argazkia: ESK.

Otsailaren 6an zabortegiko hondakinak irristan erori zirenetik Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen zabortegia egonkortzeko eta kontrolatzeko lan guztien zuzendaritza, enpresak halakorik egiteko gaitasunik ez zuela-eta.

Enpresak ordaindu beharreko lehen blokeko fakturan ondoko lanak sartu dira: desagertu diren bi langileak bilatu ahal izateko irristatzea egonkortzea eta ezponda seguruak sortzea; premiazko lan-puntuetara jotzeko bidea irekitzea; ingurumen-inpaktua eta herritarren osasuna kontrolatzea; sutea kontrolatu eta amatatzea, makina astunen bidez, eta aireko baliabideak lankidetzan jardutea; hondakinentzako segurtasun-gordailuak gauzatzea edo lurpeko uren kontrol-sarea diseinatzea.

Gaur arte, Ingurumen Sailak zabortegian 9 milioi euroko balioa duten lanak egin ditu.

Ertzaintzak kriminalitate arrastoak aurkitu ditu

“El Correo” egunkariak eman du albistearen berri eta Efe agentziak jaso du gero. Ertzaintzak epaitegian aurkeztu duen txostenaren berri eman du egunkariak, eta horren arabera, kriminalitate arrastoak aurkitu ditu Verter Recycling enpresak zabortegian egin duen kudeaketan. Hainbat hondakin baimenik gabe jasotzen zituen eta kudeaketan hainbat irregulartasun aurkitu ditu Ertzaintzak. Bi delituren arrastoak daudela dio txostenak. Batetik, ingurumenaren aurkako delitua jasotzen du, inguru naturala eta pertsonen osasuna arrisku larrian jarri dituelako. Bestetik, langileen eskubideen aurka egin dela dio.

Lau hilabete Beltrán eta Sololuze desagertu zirela

Ekainaren 6an bete ziren lau hilabete Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze zabortegiko langileak desagertu zirela. Egun horretan mobilizazioak egin zituzten, besteak beste bi langileen gorpuak aurkitu ditzaten eskatzeko.