argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak 19,1 milioi euro ordainduko ditu goi-kargudunen soldatetan
  • Gobernuaren egituraketan egindako aldaketek goi-kargudunen kopurua handitzea ekarri du, eta horrek gastua handitzea. Aurreko urtearekin alderatuta 1,5 milioi euro gehiago ordaindu beharko du Jaurlaritzak.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 16a
XII. legealdiko Eusko Jaurlaritzaren lehen gobernu kontseiluaren argazkia. Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak publiko egindako datuetan oinarrituta eman du berria Diario Vasco egunkariak. Aurten 19,1 milioi euro ordaindu beharko ditu Eusko Jaurlaritzak goi-kargudunen soldatetan, iazko 17,6 milioi euroen aldean. Soldaten kostuaren %8,4ko igoeraren zati bat baizik ez dagokio aurtengo urterako hitzartutako funtzionario publikoen soldaten igoerari: guztiaren %0,9.

Joan den urteko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen ostean hainbat aldaketa egin zituzten Jaurlaritzan. Nagusiena koalizio gobernuko bi alderdien boterea parekatzeko lehendakariordetza bikoiztea izan zen, Josu Erkoreka (EAJ) lehen lehendakariorde eta Idoia Mendia (PSE-EE) bigarren lehendakariorde izendatu zituzten. Horrekin batera, baina, goi-karguen egituraketan egindako aldaketek haien kopurua handitzea ekarri du: 231tik 248 goi-kargudun izatera igaro da Jaurlaritza. Hauek dira Jaurlaritzako goi-kargudunak: lehendakaria, bi lehendakariorde, bederatzi sailburu, 39 sailburuorde, 133 zuzendari, sailburuorde mailako 12 aldi baterako langile eta zuzendari mailako beste 52.

Datuetan ageri denez, Iñigo Urkullu lehendakariaren soldata da handiena: urtean 106.778 euro gordin, 14 ordainketatan. Lehendakariordeen soldatak (100.266), sailburuenak (95.184) eta sailburuordeenak eta haien maila bereko aldi baterako langileenak (86.143) daude gero. Diario Vascok azpimarratzen duenez soldata horiek guztiak Espainiako Gobernuko lehendakariarenak baino handiagoak dira (85.608). Zuzendari kargua dutenek eta haien mailako langileek urtean 73.547 euroko soldata dute.

Horiez gain, erretiroa hartutako 63 goi-karguduni ere haien pentsioaren osagarri bat ordaindu die Jaurlaritzak. 1981ean sartu zen indarrean neurria, Gerra Zibilaren aurreko Jaurlaritzako kideei eta diktadura osteko lehen Jaurlaritzetan erretiro adinetik gertu zeudenei laguntzeko. Laguntza horietarako sarbidea 2012an murriztu zen, eta lehendik jasotzen zutenei, lehendakari berriei eta neurria aldatu zenean 60 urte baino gehiago zituztenei baizik ez zaie ematen. Guztira 2,8 milioi euro banatuko ditu Jaurlaritzak goi-kargudun ohi horien artean.