Kutxa zerbitzua ez ematea, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzea eta "abusuzko praktikak" egitea egotzi dizkio Kontsumobidek erakundeari.
123.000 euroko isuna jarri dio Kutxabanki Kontsumobide Eusko Jaurlaritzako kontsumo institutuak. Kutxa zerbitzua ez emateagatik, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzeagatik eta "abusuzko praktikak" egiteagatik zigortu du erakundea. Horiek "arau-hauste larritzat" jo ditu, asko direlako kaltetutako pertsonak. Hainbat partikularrek eta EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak jarritako erreklamazio eta salaketatik abiatuta jarri zuen institutuak Kutxabanken aurkako prozedura martxan.
Kontsumobidek salatu du Kutxabankeko bezeroek ezin dutela bezero ez direnen diru-sarrerarik jaso, eta, hortaz, "kutxa zerbitzua ematearen oinarrizko ezaugarrietako bat" ez dela betetzen. Horrez gain, leihatilan ezin da eskudirutan ordaindu eta dirua sartu. Institutuak adierazi du horrek urratu egiten duela kontsumitzailea babesteko araudiak duen betebeharra "legez baimendutako ordainketa-bideak onartzeko".