argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritza EHUren testa erabiltzen hastea planteatzen hasi da
  • Osasun datuak ematen dituen Jaurlaritzaren bozeramaile Miguel Sánchez Fernándezek adierazi du EHUrekin biltzear zela "ikusteko nola egin dezakegun aurrera aukera hau gehitzeko egun egiten ditugun diagnostiko testei". Baita ere azaldu du Jaurlaritzaren erabaki estrategikoa dela "diagnosiko probak intentsifikatzea": zahar etxeetako egoiliar eta langile guztiei testak egitea, eta estrategia horri "epe luzean" eustea, "egoeraren jarraipen zehatzagoa egiteko".

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 16a

Apirilaren 15ean adierazpen hauek egin ditu Miguel Sánchez Fernández, Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak, kazetarien galderei erantzunez (bideoan ikusentzungai, gazteleraz, 7. minututik aurrera):

Espainiako Gobernuak PCR frogak egiteko EHUri eman dion akreditazioaren ondoren, Osakidetzak pentsaturik al du EHUk garatutako testa erabiltzea? Eta horrelako zenbat test ekoizten dira EAEn egunean?

"Gaur dugu bilera, ikusteko nola egin dezakegun EHUren testa gehitzeko orain egiten ditugunei"

Bai, oso berri pozgarria da EHUk froga hauek egiteko akreditazioa jaso izana. Guk EHUrekin lan egiten dugu, asteak dira haiekin harremanetan gaudela. Jaurlaritzaren laborategien kontingentzia planen barruan daude eta material hau aintzat hartzen dugu. Eskertu nahi dut hasieratik EHUrekin izan dugun elkarlana, baita materiala utzi izana ere, guretzat funtsezkoa baita. Gaur bertan dugu bilera EHUrekin, ikusteko nola egin dezakegun aurrera aukera hau gehitzeko egun egiten ditugun diagnostiko testei.

Testen erabileraz: zenbat test egin zaizkie orain arte zahar etxeetan, langile eta egoiliarrei? Zenbat test azkar erabili dira orain arte? Zein da irizpidea, erabakitzeko zein pertsonari egiten zaion froga eta nori ez?

Test azkarrak bi testuingurutan erabiltzen ari gara: batetik, larrialdi zerbitzuetan, koronabirusarekin bateragarria den espediente klinikoa izanik, egun batzuez sintomak garatuta dituzten gaixoei egiten zaie froga. Eta bestetik, zahar etxeetan, bai langileei eta bai egoiliarrei frogak eginez. Orain arte 4.762 test azkar erabili ditugu eta horietatik 3.484 test erabili ditugu zahar etxeetan.

"Zahar etxeetako egoiliar eta langile guztiei testak egitea da helburua"

Probak intentsifikatzeko estrategia jarri dugu martxan eta gure helburua da zahar etxeetako egoiliar eta langile guztiei diagnostiko proba egitea, izan test azkarrarekin, edo PCR frogarekin. Diagnostiko probak intentsifikatzeko estrategiari epe luzean eutsiko diogu, egoeraren jarraipen zehatzagoa egiteko.

Osakidetzak PCR probetara jo du, test azkarrek duten fidagarritasun txikiaren aurrean. Negatibo faltsuak ematen badira, test azkarrak itzultzea pentsatu da, Cantabriak (Espainia) egin duen bezala?

"Bi test motak erabiltzen ditugu larrialdi zerbitzu eta zahar etxeetan: test azkarrak negatibo ematen badu eta gaixotasunaren sintomak baditu, PCR proba egiten zaio"

Test ezberdinak dira, erabilera eta ezaugarri ezberdinak dituztenak. Guretzako osagarriak diren erremintak dira. PCRak birusaren material genetikoa detektatzeko aukera ematen digu. Hau da orain arte erabili duguna eta sentikorrena dena. Test azkarrek ematen dutena azkartasuna da, baina egia da sentikortasun handia izan dezaten, beharrezko dutela sintomatologiek egunetako garapena izatea.

Ezarri dugun protokoloarekin, bi test motak erabiltzen ditugu modu osagarrian: test azkarrak positibo ematen badu, gaixo hori horrela izendatzen dugu. Baina gaixotasunarekin bateragarria den sintomatologia duten gaixoek test azkarrean negatibo ematen badute, diagnostikoa osatzen dugu gaixo honi PCR proba eginda. Berme osoa edukitzeko datuak fidagarriak direna.