argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritza Donostiako metroaren pasantearen lanek kaltetutako bizilagunak “isilarazten” ahalegintzen ari dela salatu du EH Bilduk
  • Donostiako metroaren lanetan kaltetutako Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko eraikinetako hainbat bizilaguni kalte-ordainak eskaini dizkiete gutun bidez. Donostiako EH Bilduk salatu du haiek "isilarazteko" saiakera dela.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 15a
(Argazkia: IƱaki Agirre)

Donostiako metroaren lanak hasi zirenetik hainbat kalte eragin dituzte pasantearen ibilbideko eta inguruko eraikinetan. Horien artean daude Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko eraikinetan agertutako pitzadurak eta 2019ko azaroan Zarautz hiribidean bertan gertatutako luizia.

Zarautz hiribideko bizilagun batek jasotako gutuna

Azken astean publiko egin da Zarautz hiribideko bizilagun bati metroaren lanak egiten ari den enpresa-multzoak egindako kalte-ordainen eskaintza. Gutun horretan bizilagunaren etxean lanek eragindako kalteen balioa zehazten da, eta kopuru hori ordainduko diotela. Horren truke, ordea, kopuru hori eragindako kalteen trukean jasotako erabateko kalte-ordaina dela onartu behar du bizilagunak, UTE Metro Benta Berri-ri eta Euskal Trenbide Sareari beste ezein erreklamazio egiteko aukera ukatuz.

Donostiako EH Bilduk salatu du gutun horren bidez, eta beste bizilagun batuzei helarazitako antzeko gutunen bidez, Eusko Jaurlaritza metroaren lanek kaltetutakoak "isilarazten" saiatzen ari dela. Horrez gain, publiko egin duen oharrean beste auzi bat ere jartzen du mahai gainean koalizioak. Izan ere, 2019ko kalteak metroaren lanek sortu zituztela ukatu zuten Eneko Goiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Kalte-ordainen eskaintza hauetan, ordea, kalte horiek metroaren pasantearen lanek eragindakoak direla onartzen dute eraikuntza-enpresek.

Bizilagunak kexu

Irutxuloko Hitzan Mikel Elkoroberezibarrek jaso duenez, gainera, Zarautz kaleko bizilagunak kexu dira. Hain zuzen ere, 2019ko luiziaren ostean haien etxearen osteko maldan sare metaliko bat baino jarri ez dutela salatu dute, eta konpondu gabe dagoela geroztik. Ostiralean argitaratuko du Irutxuloko Hitzak metroaren lanek Aizkorri eta Zubieta kaleko bizilagunei eragindako kalteei buruzko erreportajea.