argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritza berriaren “austeritate” neoliberala
  • Harridura sortzen du aurreko agintaldian Urkulluren gobernuak zortzi sail izatea eta oraingoan aldiz hamaika.

Juan Mari Arregi 2016ko azaroaren 24a

Ez da ohikoa txoko honetan PSE eta EAJren arteko paktu politikoa edo antzekoak aztertzea, baina akordio horren osagai sozioekonomikoei azpimarra jarri nahiko nieke. Horratx. Hasteko, harridura sortzen du aurreko agintaldian Urkulluren gobernuak zortzi sail izatea eta oraingoan aldiz hamaika. Lehendakariaren soldata (98.494 euro) eta bere sailburu, goi kargu eta aholkulariena, orotara 358 pertsonen nomina dira eta diru-kutxa publikotik urtero 23 milioi euro bideratzen dira horretara. Orain, hiru sail gehiagorekin eta euren sailburuordetza, goi kargu eta aholkulariekin, zifra globala 30 milioitik gora igoko da.

Hori da EAJk PSEri ordaindu behar izan diona inbestidura saioko bere babesagatik: sozialistei jatekoa eman – garbi dagoenean hauteskundeetan maldan behera doazela–, baina aldi berean eurak ere jaten segitu, bere zortzi sailak mantenduz. Beste kontu bat litzateke EAJk egoera berriaz jabetuta bere sailetako nominak murriztu izan balitu. Baina ez du halakorik egin. Nik, EAJk, nireak mantenduko ditut eta gainera beste hiru ireki PSErentzat. Hori bai austeritate eredua, prekarietatean, langabezian eta bazterkerian bizi direnen aurrean.

Akordioaren eduki sozioekonomiko eta fiskalari dagokionean, ezer gutxi esan daiteke, xehetasunera jotzen ez duten printzipioak baitira. Borondate ona adierazten duten aitortzak baino ez dira. Eta badakigu, duela aste pare bat aipatu genuen bezala, EAJren arima neoliberala dela; baina PSEren sozialdemokraziak ere horren antz handia du. Horixe erakusten du zortzi sailetik hamaikara igarotzeak.