argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko zinemak badu gordailua
  • Ganbara datu-basea aurkeztu dute, online eta doakoa, euskarazko zinemaren gordailu izateko jaioa. Dagoeneko, 200dik gora film, ikus-entzunezko sektoreko 50 bat enpresa eta 400 profesional baino gehiagoren fitxak kontsulta daitezke, baita haiekin lotutako albiste eta kritikak ere, baina epe luzera sortutako egitasmoa da: etengabe osatzen eta betetzen joango den artxibategia.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko urriaren 27a

Informazio iturria izateaz gain, euskal zinemagintzaren kontsumoa indartzea ere badu xede. “Ez hori bakarrik, aldatu egingo du zinea kontsumitzeko modua bera, baliabide berri bat eskainita, gidoiak alegia”, azaldu du Ritxi Lizartza Zinea Sortzen etxeko zuzendari eta proiektu-buruak.

Kolaborazioa, funtsezko

Datu-basea bizirik mantendu dadin, sektorean inplikatutakoen kolaborazioa ezinbestekoa izango da. “Euskaraz bikoiztu eta azpititulatutako filmen fitxak ere sortuko ditugu pixkanaka –gehitu du Maialen Goñi Zinea.eus atariko kudeatzaileak–, eta horrek euskaraz kontsumitu daitezkeen pelikulen kopuru erreala jarriko du agerian. Orain arte, 3.500 izenburu biltzea lortu dugu, baina oraindik asko ditugu zerrendara ekartzeko”. Euskarazko zinemarekin lotutako materialak ere eskuragai jarriko dituzte aurrerago.