argia.eus
INPRIMATU
Jon GaraƱo
“Euskarazko zinegileoi regional preferenten jokatzen ari garela sentiarazi nahi digutela dirudi”
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen duen Anton Abbadia saria jaso du Moriarti Produkzioak-eko lan taldeak. Euskararen normalkuntzaren alde lan egiten duten lagun edo taldeak saritzen dira bertan eta Moriartik euskarazko zinegintzan eginiko lana aitortu da aurtengoan.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 02a

Saria jasotzerako orduan, Jon Garaño eta Aitor Arregik eskerrak emateko hitzaldia eman zuten. Hitzaldiaren amaiera aprobetxatu zuen Garañok euskarazko zinegintzaren inguruan aritzeko. Hemen jaso dugu zine zuzendariak esanikoa:

“Bukatzeko, azken hitz batzuk bota nahi ditugu euskararen inguruan. Edo hobe esanda, euskara eta gure lanaren arteko erlazioaren inguruan.

Euskaraz filmak egiten duen orori gertatzen zaion moduan, askotan galdetu izan digute zergatik egiten ditugun filmak euskaraz. Eta askotan ea ez al dugun inoiz gazteleraz filmik egingo, ez al dugun inoiz “saltoa” emango, eransten diote lehen galdera horri. “Regional preferenten” jokatzen ari garela sentiarazi nahi digutela dirudi.

Oker daude. Euskal Zineak, euskaraz eginiko zineak, munduan zehar erakutsi du bere balioa. Telmo Esnal, Asier Altuna, Oskar Alegria, Koldo Almandoz, Ben Sharrock, Roberto Castón edo beste hainbat zinegileren lanek mugak gainditu dituzte. Euskaraz pentsatuak, sortuak eta banatuak izan dira.Horrek ez du esanahi euskaldunentzat itxiak diren filmak egin dituztenik, egin ditugunik. Euskaldunez gain, euskaldun ez diren askok ikusi dituztelako euskaraz eginiko filmak. Eta ez ahaztu Rotterdamen edo Seattle-en, berdin duela filma gazteleraz edo euskaraz izatea. Berdin-berdin irakurri beharko dituzte ikusleek azpidatziak.

Bestalde, gazteleraz eginiko film asko dira euskarazko film batzuk izan dituzten ikusleak baino gutxiago izan dituztenak eta beraz gazteleraz egiteak ez du publikoa izatea bermatzen.

Gainera, egiari zor, euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta beste hizkuntza batzuetan egin izan ditugu filmak Moriartin eta horrela egiten jarraitu nahiko genuke. Proiektu bakoitzak hizkuntza bat, edo hizkuntza multzo batetan, egitea eskatzen du eta hori errespetatzen saiatuko gara.

Ez dago arrazoi bakar bat filmak euskaraz egiteko. Baina zergatik egiten ditugun filmak euskaraz galdetzen diguten bakoitzean, burura etortzen zaigun lehenengo erantzuna beti izaten da berbera: “ETA ZERGATIK EZ?””