argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko Wikipedia 300.000 artikulutara iritsi da
Sustatu 2018ko uztailaren 20a
Euskal wikipedia 300.000 artikulutara iritsi da.

Artikulu mamitsu honetan euskararen jatorriari buruz esan direnak laburbiltzen dira, teoria ezberdinak ahalik eta hoberen aurkezten. 133 erreferentzia bibliografiko dituen lana da, eta inprimatuz gero 21 orrialde hartzen ditu. Ikus irudian nola geratzen den.

Artikulu kontaketa nola doan, eta beste estatistika batzuk, orrialde honetan ikusten dira. 300.000.a etorri bazetorrela ikusita, apropos sinkronizatu da artikulu berezi bat izan zedin marka egingo zuena. Wikipedistek elkarlanerako darabilten Txokoan koordinatu izan da lana azken bi asteetan.

"Euskararen jatorria" 12-16 urteko ikasleek behar duten artikuluen zerrendan zegoen. Kalitate handiko artikulu hau gehituz, milaka ikaslek informazio hobea izango dute funtsezko gai bati buruz.

300.000 artikulurekin, euskarazko Wikipedia 31.a da artikulu kopuruan, turkieraren atzetik. 10. hizkuntza da hiztun/artikulu kopuruan. Baina 50.a Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen luzeraren arabera.

Asko dugu hobetzeko... zatoz, eman izena hemen!

 

Albiste hau sustatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.