argia.eus
INPRIMATU
Publizitate instituzionala euskal medioetan: kopurua zehaztea saihestu dute EAJk eta PSEk
  • Euskarazko hedabideetan publizitate instituzionalaren %15 jarri beharrean, “arrazionaltasun-irizpideak” erabiltzea adostu dute EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 26a

PSE-EEk atzera egin du jatorriko proposamenarekin Eusko Legebiltzarrean. Hasiera batean eskatzen zuen euskarazko hedabideetan jartzen diren iragarki instituzionalak %15era igotzea, kontuan edukita gaur egun %3 ere ez dela –EiTBkoa kenduta–, Hekimen elkartearen arabera. 

Jon Azkue parlametari sozialistarentzat zifra horiek “oso murritzak” dira eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2010ean EAJk aurkeztutako eta onartutako mozioa hartu du oinarri %15eko kopurua proposatzeko.

Nolanahi ere, azkenean EAJk eta PSEk erdibideko proposamen bat adostu dute, gutxieneko portzentajerik finkatu gabe. Euren botoekin onartu da Eusko Jaurlaritzari eskatzea “aplika dezala ekintza positiboen printzipioa publizitate instituzionalaren banaketa ezartzerakoan”. EH Bildu abstenitu egin da eta PPk eta UPyDk kontra bozkatu dute.

Euskarazko hedabide ez-publikoetan “modu progresiboan” publizitate gehiago jartzeko eskatu dio, beraz, Legebiltzarrak Jaurlaritzari, “arrazionaltasun-irizpideak” erabiliz, baina zehaztasunetan sartu gabe.  

Zentzu horretan, EH Bilduko Xabier Isasik eskatu du “konpromiso neurgarria eta egingarria” izatea, eta azaldu du ez dutela sinatuko akordio hori “ezer argitzen ez duelako intentzioetatik harago. Ez du ezer lotzen”.