argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko “parentesia linguistiko ederrak” proposatzera dator Mintzalasai festibala
  • Irailaren 16tik 22ra iraganen da euskararen erabilpena bultzatzeko xedez antolaturiko festibala. Baiona, Angelu eta Miarritze hirietan bideraturiko festibalaren hamahirugarren edizioa dute aurtengoa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko irailaren 12a
Mintzalasai festibala aurkezteko prentsaurrekoa. Argazkia: Mintzalasai

Euskara erabiltzeko hamaika aukera proposatuz heldu zaigu Baiona, Angelu eta Miarritze hirietan bideraturiko Mintzalasai festibalaren edizio berria. Asteazken honetan aurkeztu dute irailaren 16tik 22ra iraganen den hamahirugarren edizioa. Euskararen erabilpenari dagokionez, Lapurdiko hiru hiri horien egoera sozio linguistikoa kezkagarria da: herritarren %8,4 bakarrik da euskalduna eta euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago ari direnak %1,9 dira bakarrik, Euskararen Erakunde Publikoaren azken inkesta soziolinguistikoaren arabera. Hori horrela, festibalaren kari eskainitako "parentesia linguistiko ederren" garrantzia eta emaitza azpimarratu arren, epe luzera bideratu gogoeten eta ekimenen beharra azpimarratzen du izen bereko elkarteak: "Lortu nahi badugu 2050ean Ipar Euskal Herriko biztanleriaren herena euskaraz lasai eta goxo bizitzea, transmisio kanalak zabaldu, euskaraz bizitzeko espazio iraunkorrak biziarazi eta plangintza partekatu ausartak beharrezkoak izango ditugu. Eredu berriak asmatu beharko ditugu elkarrekin, terrenoko eragile eta instituzio publiko; denentzat euskara norma eta inklusiorako giltza izango diren une eta gune desiragarriak".

Zazpi egunez, 50 bat ekimen

Orotara 50 bat ekimen proposatuko dituzte aurtengo edizioan: umeentzako aktibitate andana, euskara ikasteko lehen iniziazioak, filma proiekzioak, tailer ezberdinak, kontzertuak, ibilaldi komentatuak ala beste. Ohiturari segi, egun osoko besta izanen dute azken egunaren kari, Miarritzeko Marion aitzinaren inguruan.

Egunerokoan guztia euskaraz egin daitekeela erakustea dute xede festibalaren antolatzaileek, elkarteko presidentekide Oihana Zamponik adierazi duenez.

Mintzalasai festibalaren egitarau osoa: hemen.