Hainbat osasun langile eta erabiltzailek Berdin elkartea aurkeztu dute Durangon. Osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubidea ardatz, herritarrak euskararen erabileran urratsak ematera adoretzeko baliabideak eskura jarriko dituzte.
Osasun arreta eta hizkuntza banaezinak dira. Hala adierazi du Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko irakasleak: “Osasunak ongizate orokorrari erantzun beharko lioke: fisikoa, psikikoa eta soziala. Zerbitzua pazientearen egoerari, izaerari eta inguruneari egokitu behar zaio”.
Kalitatezko osasun arreta pazientearen lehentasunezko hizkuntzan eskaini behar da. Hizkuntza guztietan ezinezkoa bada ere, EAEn ofizialak diren hizkuntzetan aritzea bermatu behar dela uste dute. “Euskal herritar guztien osasunaren eta duintasunaren aldeko ekarpen xumea egin nahi du Berdin elkarteak”, azpimarratu du Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Ainhoa Larrabe Arnaiz kazetariak Berrian jaso duenez.
Begi-bistakoa da osasungintzako zerbitzu guztietan ez dagoela arreta euskaraz bermatuta, eta elkartearen helburua herritarren eskubidea bete dadin presio egitea da. Aitor Montes (Argian egindako elkarrizketa irakurri) da elkartearen sortzaileetako bat, eta berak sarri esan du, osasungintzan euskarazko arreta eskatzea zaila egiten zaiela euskaltzaleei. “Arreta euskaraz eskaini egin behar da. Erabiltzailea ezin da eskatzera behartu, ez da etikoa eta ez du kode deontologikoa betetzen”, adierazi du , Durangoko Plateruena Antzokian egindako aurkezpenean.
Berdin elkarteak osasun arloko profesionalak eta osasun zerbitzuen erabiltzaileak harremanetan jarri nahi ditu, eta herritarrei informazioa eta aholkularitza eskaini nahi dizkie euskaraz artatuak izateko eskubidea aldarrikatu dezaten: “Edonon, edonoiz eta maila guztietan bermatu behar da euskara. Kontsultategian edo ospitalean, ahoz eta idatziz”, adierazi du Larrañagak.
Atxikimendu ugari bildu ditu dagoeneko elkarteak. Horien artean Nahia Aia ginekologoa, Uxue Alberdi, Karmele Jaio eta Pako Aristi idazleak, Miren Amuriza bertsolaria, Naia Alzola txirrindularia eta Alaitz Atxurra osasun arloko administraria daude. Zenbait gizarte eragile ere izan dira elkartearen aurkezpenean: Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta AEK besteak beste.