Euskarazko murgiltzea duten haurtzaindegiak aukeratzen dituzten guraso askok ez du horretarako aukerarik Ipar Euskal Herrian, eskaintza txikiagoa baita eskaera baino. Arazoari irtenbidea eman eta indarrak batzeko elkartea sortu dute haurtzaindegi eta haurtzain-etxe euskaldunek: Konkolotx.
Zortzi dira Ipar Euskal Herrian umeei euskarazko harrera egiten dieten haurtzaindegi eta haurtzain-etxeak: Biarritzeko Ohakoa, Hendaiako Txiki Txoko, Baionako Luma, Angeluko Xoko Ttipi, Mauleko Xübükota, Lakarrako Ttinka, Ziburuko Ttuku Ttuku eta Azkaingo Kilima. Duela bi urte erabaki zuten sarea osatzea, elkar laguntzeko eta esperientziak trukatzeko. Orain, bide horretan urrats bat gehiago eman eta elkartea sortu dute: Konkolotx.
Eskaintza txikia euskaraz
Elkarteko kideek azaldu dutenez, Iparraldeko haurtzaindegien %29 Hirigune Elkargoak eta Euskararen Erakunde Publikoak kudeatzen duten label sistemaren barruan daude eta gehienak haurtzaindegi elebidunak dira. Tokien %5 baino gutxiago eskaintzen da murgiltzean. Haurtzain-exeen kasuan, %18k funtzionatzen du murgiltze ereduan (28tik 5 dira euskaldunak).
Eskaera, baina, eskaintza baino handiagoa da. Kideen hitzetan, seme-alabak euskarazko egituretan nahi dituzten gurasoen eskaerek “gainezka” dituzte, eta beraz, “haurrak murgiltzean ezarri nahi lituzketen hainbat gurasok beste sistema batzuetan ezarri behar dituzte: elebidun ala frantses elebakar”.
"Hizkuntzaren transmisioa 3 urte aitzin hasten da eta murgiltzea da transmisioa segurtatzeko eredu eraginkorrena"
Elkarteak garbi ditu helburuak: elkarren arteko ezagutza, trukaketa eta sostengua mantentzeaz gain, Iparraldean lehen haurtzaroko harreran murgiltzea garatu behar dela aldarrikatzen dute. Horretarako, euskalgintzako beste egiturekin elkarlana abiatuko dute eta euskarazko harrera garatzeko behar diren medioak hartzea eskatu diete Euskararen Erakunde Publikoari eta Hirigune Elkargoari, murgiltzean funtzionatzen duten haurtzaindegiak sortzen lagundu dezaten edota euskara hutsezko harrera guneak antolatu ditzaten. Langileak euskalduntzeko formakuntza indartzea ere eskatu dute.
Hizkuntzaren garrantzia lehen urteetan
“Familia guziek euskarazko harreraren hautua egiteko aukera ukan behar lukete”, diote Konkolotxeko kideek. Azken finean, “hizkuntzaren transmisioa 3 urte aitzin hasten da eta murgiltzea da transmisioa segurtatzeko eredu eraginkorrena”.