argia.eus
INPRIMATU
Booktegi-ren 6. urtemuga jaialdia
“Euskarazko liburuek ibilbide luzeagoa merezi dute eta aukera ematen du formatu digitalak”
  • Urriaren 28an, larunbatez, Booktegi-k jaialdia egingo du Usurbilen, seigarren urtemuga ospatu eta sorrerako helburuei tinko eusten diola berresteko: euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna bultzatzea. Aritz Branton egitasmoko kidearekin hitz egin du ARGIAk. Jakinarazi du ekonomikoki estu dabiltzala.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 09a
Aritz Branton, Booktegi-ko kidea, 2022ko jaialdiaren atarian egindako elkarrizketa batean. (Argazkia: Noaua)

Sei urte bete ditu Booktegik liburuak sareratzen, maiztasun dotorean, eta doan.

Iaz baino gutxiago plazaratu ditugu aurten, finantzazio arazoengatik. Dirulaguntza dezente gutxiago jasotzen ari gara, eta ezin dugu, jakina, egun osoa eman Booktegin. Gauean egiteko lana bilakatu zaigu. Lehen, astero publikatzen genuen liburu bat, eta gutxiago orain.

Zer gertatu da dirulaguntzekin?

Alde batetik albiste ona da, euskarazko gero eta proiektu gehiago daudelako. Pastela banatzen da, eta gero eta gutxiago geratzen da guztiontzat. Beste aldetik, dirulaguntzek exijitzen dutena ere aipatu behar da. Aurrekontu osoa justifikatu behar izaten dugu, eta zuzena eta egokia dela deritzot, baina errealitatea da aurrekontuaren erdia geuk jartzen dugula poltsikotik. Gauza asko egiten ari dira euskaraz, eta Booktegirentzat gero eta gutxiago geratzen da. Ezingo dugu luzaroan egin; ezin dugu lan egiteko pribilegioagatik ordaindu. Ez da egingarria.

Astero liburu bat publikatzea zenuten orain arteko martxa. Argitaletxeei eskatuta edo nola funtzionatzen duzue?

Argitaletxeei eskatu izan diegu batzuetan, baina gehienetan liburu berriak argitaratzen ditugu, egileek guri eskatuta edo geuk egileei enkargatuta.

Azken asteotan, jaialdia datorrenez, idazleek propio elkargunerako sortutako ipuin berriak argitaratu ditugu. Bi solasaldien oinarri izango dira idatzi horiek, eta ipuinak idatzi dituzten idazleek hartuko dute hitza. Energiari buruzko mahai inguruan, Nerea Ibarzabal, Eneko Bidegain eta Arrate Egaña ariko dira, eta zaintzari buruzkoan, berriz, Ugaitz Agirre, Maitane Pérez eta Miren Gorrotxategi.

Urriaren 28an, larunbatez, seigarren urteurrena ospatzeko jaialdia egingo du Booktegik Usurbilen. Konta iezaguzu, itxura ederra du-eta.

Goiza oso literarioa izango da. Aipaturiko bi solasaldiez gain, horien tartean poesia irakurraldia egongo da, jendearentzat irekita. Zumarte musika eskolan egingo da goizeko egitaraua, eta arratsekoa Sutegi kultur etxean, publiko zabalagoarentzat izatea espero baitugu. 20netoak literatur emanaldia egingo da Sutegin –Beñat Barandiaran musikaria, Harkaitz Cano idazlea eta Maite Larburu musikari, antzezle eta sortzailea dira parte hartzaileak– eta, gero, Usurbilgo ikastolako ikasleen Ipuinaldia. Iluntzean, 19:00etan, Petti-ren kontzertua izango dugu gozagarri. Joko dituen abestiak, oro har, Manipulazio Estrategiak diskokoak izango dira eta abesti bakoitzari argazki bat eskainita, argazki-erakusketa ikusgai egongo da kultur etxeko paretetan.

Booktegiren ohiko jarduna zertxobait apaldu dela kontatu diguzu, finantzazio arazoek eraginda. Helburuak aldatu al dira?

Ez, jakina ezetz. Euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna bultzatzea zen eta izango da Booktegiren helburua. Hori egiteko, duela sei urte ikusi genuen e-liburua zabaltzea izan zitekeela aukera. Oso gutxi erabiltzen dira liburu digitalak Euskal Herrian, eta aldi berean, iruditzen zitzaigun liburu on askok ibilbide luzerik ez dutela izaten. Hau da, ez dute bigarren ediziorik, asko daude agorturik, eta ezin dira erosi. Uste dugu euskarazko liburu askok ibilbide luzeagoa merezi dutela eta aukera hori eskaintzen du formatu digitalak. Bada beste arrazoi bat ere: liburu berri asko ez dira plazaratzen duten kostuengatik, eta publikatzekotan ere batzuetan ale oso gutxi ateratzen dira.

Gabezia horiei irtenbidea emateko sortu zen Booktegi, eta horretan jarraituko dugu ahal dugun heinean.