Ttipi Ttapa elkarteak Xübükota euskarazko haurtzain etxea zabalduko du Maulen, 2016ko urtarrilean. Zuberoan haurtzaintza zerbitzuak osoki euskaraz eskaintzen dituen lehen tokia izango da, Xiberoko Botza atariak jaso duenez.
Bi haurtzainek jardungo dute bertan, eta bakoitza lau haurrez arduratuko da. Eraikinak 97 metro koadro izango ditu, eta Mauleko erdigunean egongo da kokaturik.
Egoitza badutela, orain berau egokitu eta haurtzaintzarako beharrezkoak diren materialak eskuratzea dagokie. Horretarako crowdfunding kanpaina jarri dute abian, 3.000 euro lortzeko xedearekin. Ekarpenak xubukota.org webgunean edota Karena.eu atarian egin daitezke.