argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko kultura EAEko Hezkuntza Legearen “lehen lerroan” egon dadila eskatu dute Donostian
  • EAEko Hezkuntza Legeak euskarazko kulturaren transmisioa berma dezala eskatu dute hainbat kultur eragilek Donostian. Ostegun goizean egindako agerraldian ezinbestekotzat jo dute une hau baliatzea kulturgintza eskoletan jorratzen den modua lehen lerrora ekartzeko.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko ekainaren 17a
Donostiako Paseo Berrian egin dute agerraldia euskal kulturgintzako eragileek (argazkia: antolatzaileek utzia).

“Azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak eraldatu egin dira”, azaldu dute Donostiako Paseo Berrian bildutako eragileek. Kezka eragiten du aldaketa horiek sortutako egoerak: “Azken urteotako inkesta zein azterketek erakutsi dutenez, eten bat gertatu da eta gaur egun hezkuntza arautuak ez du bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa”.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berriak transmisio hori behar bezala gerta dadin joka dezakeen rola azpimarratu dute eta horrek “hezkuntza eraldatzailea” lortzeko bidean daukan garrantzia.

Horregatik, agerraldian parte hartu duten eragileek eta atxikimendua adierazi duten sortzaileek, beren burua eskaini dute euskarazko kulturgintzaren transmisioa legean jasota gera dadin. “Hartu beharreko neurrien proposamen, eztabaida eta adostasun prozesuan parte hartu nahi dugula” diote.

Eragile eta sortzaile ugariren babesa

Honakoak dira adierazpenarekin bat egin duten eragileak: Ahotsenea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Bertsozale elkartea, Dantzan, Elkar Fundazioa, Euskal Aktoreen Batasuna (EAB), Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE), Euskal Herriko Dantza Profesionalen elkartea (ADDE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Herriko Trikitixa elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, EuskalPEN, Galtzagorri, Gerediaga, Ibaia, Jakin, Lanartea, Tupust! eta Xabiroi.

Ekimenaren lehen urratsa besterik ez da izan. Aurrera begira, sortzaileekin eta kulturzaleekin bidea egiteko asmoa adierazi dute, sarea indartuz eta sendotuz. Dagoeneko sortzaile askok adierazi du ados daugoela egindako eskariarekin, besteak beste, Amaia Lasa eta Yolanda Arrieta idazleak, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran bertsolariak, Joseba Tapia eta Peter Ansorena musikariak edo Irene Aldasoro itzultzailea. Agerraldian izan ez arren, sortzaileen zerrenda luze batek ere bat egin du, aldarrikapenak euskal kulturaren gaur egungo diziplina eta joera ugari ordezkatzen dituela erakutsiz.

2019tik lanean

Adierazpenaren sustatzaileek azaldu dutenez, 2019ko urrian Azpeitian egindako jardunaldi batzuetan dago ekimen honen iturburua: “Sormenean hezi, kulturan bizi” izenburupean, hainbat eragilek euskal kulturaren gaur egungo egoerari buruzko diagnostikoa egin zuten, esperientziak elkartrukatzeaz gain. Jardunaldiek “argi utzi zuten kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko premiazkoa zela kultur eragileon arteko eta kultur transmisioan dihardugun eragileon arteko saretzean urratsak egitea”.

Hain zuzen, sare hori josteko lanetan ari zirenean etorri da EAEko Hezkuntza Legearen inguruko eztabaida. Horregatik iruditu zaie premiazkoa alor horretan kulturgintzatik ikuspegi bateratua gizarteratzea, “geuk ere ahotsa hartzea etorkizuneko legeak euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntzan berma dezala eskatzeko”, eragileen hitzetan.