argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko komunikabideak eta Jaurlaritza biltzen ari dira finantzazio eraginkorragoari begira
  • Bilera erronda hasi dute Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Apirilaren 28an egin zuten lehen bilkura eta sektorearen finantzazio publikoa eraginkorrago bihurtzeko neurriez hitz egin zuten.

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 11
Euskarazko komunikabideak biltzen dituen Hekimen elkartearen iazko batzar nagusia. Medio euskaldunek eta Jaurlaritzak bilera-erronda hasi dute finantzazio publikoa emendatzeko asmoz.

Hekimenek garrantzitsutzat jo du bilera-dinamika hori martxan jarri izana, euskarazko hedabideak bultzatzeko egiten diren inbertsio publikoak hobetzeko lagungarria izango delakoan.

Dena den, sektorean dagoen kezka ere helarazi diete komunikabide euskaldunek Jaurlaritzari: azken urteetan ez da urratsik egin finantzazio sendoago eta eraginkorragoa lortzeari begira, eta kontrara, EAEko aurrekontuetan pisu espezifikoa galdu du euskarazko komunikabideak sustatzeko partidak.

Kazetari euskaldunen prekarietatea

Lehen bileran, sektoreko medioek planteatu zuten aztertu beharko litzatekeela hedabideen kostuen eta sarreren gaia. Hekimen elkarteak gogoeta zabala egin nahi du sektorearen finantzazioaz eta lan baldintzez, eta horretarako derrigorrezkoa da parametroak ondo ezagutu, neurtu eta haiei buruz hausnarketa egitea.

Izan ere, euskarazko komunikabideetako langileen baldintzak sektorearen gabezia handienetako bat dira: elkarteak ordezkatzen dituen medio euskaldunetako kazetarien soldatak erdaraz ari direnenak baino nabarmen baxuagoak dira.

Hekimenek ordezkatzen dituen komunikabideetako 600 lagun inguru daude egoera horretan. Eta baldintza horiek abiapuntu gisa hartzen dira finantzazio publikoa zehazteko ere.

Egoera prekario horretatik beste hizkuntzetako profesionalen neurrira iritsi ahal izateko, zein eredurekin konparatu aztertzen ari da Hekimen, atzerriko modeloak ere kontuan hartuta.