ARGIAren ehun urteek euskarazko kazetaritzaren bizkarrezurra marrazten dute. Ez da hedabide bakarra izan, beti eduki ditu hurbileko nahiz urrutixeagoko senideak, baina mende beteko genealogia erakutsi eta frogatu dezakeen bakarra Zeruko Argiatik datorren ARGIA da. Bizkarrezur horretan bermatuta, sartu-irtenak egingo ditut denboran zehar izan diren beste argitalpen eta proiektu batzuetara, euskarazko kazetaritzaren ezaugarriak –eta ajeak– bilatu eta azpimarratzeko.
Nahi eta ezin
Xabier Leteri lapurtuko diot esapidea: “Nahiaren eta ezinaren borroka-toki ekaitzez betea”. Hor egon izan da ARGIA. Nahi eta ezin; euskarazko kazetaritzak bere historia islatuko duen lelo bat beharko balu, horixe aukeratuko nuke: nahi eta ezin.
Nahi eta ezin hori muga-mugara iritsi da historiako une batzuetan; halakoetan, euskarazko kazetaritza heroismora kondenatua egon da. Izan ere, ez al da heroismoa egunkari bat –euskarazko lehen egunkaria– gerraren erdian sortu eta argitaratzea? Eguna egunkaria izan zen hori, 1937ko hasieratik ekainaren 13ra bitartean kaleratu zena, Bilbon.
1990ean Egunaren edizio faksimil bat argitaratu zuen Jaurlaritzak, Joseba Agirreazkuenaga historialariak prestatua. Hor, euskarazko egunkariaren egile izan zirenetako batzuei hitz egin arazi zien Agirreazkuenagak: Augustin Zubikarairi, Eusebio Erkiagari eta Jesus Insausti Uzturre, EAJko buruzagi tolosarrari.
Haiek esandakoaren arabera, soldata Euzko Gudarostetik jasotzen zuten Egunako erredaktoreek, gudariak baitziren. Azpiegitura, berriz, jeltzaleen Euzkadi egunkariarena erabili zuten. Eusebio Erkiagak kontatua:
“Izan be, Eguna ez zan egunkari normala izan. Besteren ekipamenduz baliatu zan: idaztegela, paper, tipografi, erbesteetako albisten iturri… Kazetari-kumak, gudari auxiliarrak, osasunez erdi makal edo ikusmenean akatsak zituenak, 21-24 urteko gazteak inprobisazino moldakatxera behartuak. Goizetik gauera periodista bihurtuak”.
Kazetari bihurtutako gudari haiek paradoxa galanta bizi izan zuten: gerrako egunkariak ez zeukan inor frontera bidaltzeko hango berri eman zezan. Izan ere, Erkiagak zioen bezala, Eguna ez zen egunkari normala izan, salbuespenezkoa baizik. Eguna, euskarazko kazetaritza ezaugarritzen duen ekintza militantea izan zen.
Euskaltzaleen artean egon zen gerra aurretik, Pizkundean, euskarazko egunkaria sortzeko proposamena, Lizardik eta abarrek bultzatua; Euskal Esnalearen buletinean eztabaidatu zuten aukera horri buruz eta, esaterako, Euskal Esnalearen zuzendariak, Gregorio Mujikak, kontrako iritzia eman zuen: egunkaria egiteko baldintza egokirik ez dagoela-eta, asterokoaren alde agertzen da. Hori bai, garbi uzten du zein akats ikusten dituen euskarazko aldizkarietan eta zein estilotako kazetaritza ez duen nahi:
“Ez al dauzkagu ba asteroko eta amabosteroko eta ileko ugari? Bai, noski, baina, egia esateko, kopeta beltza dute guztiek, astunegiak dira, apainegiak izketan, lotuegiak ibilkeran”.
Kopeta beltz ikusten ditu Mujikak euskarazko aldizkariak: astunegiak, lotuegiak… Hau ere izan da euskal kazetaritzaren ezaugarria –eta ajea–; batzuetan transzendentzia erlijiosoak joko zituen, eta hurrena transzendentzia politikoak.
Bordatxotik ofizinaraino
1976an Damaso Intzarekin egon nintzen Zeruko Argiaren sorrerari buruz hizketan, kazetaritzako fakultaterako egin behar nuen lan baterako. Kontatu zizkidanen artean, hauxe: gerra garaian, nazionalak sartu zirenean, deklaratzera deitu zutela bera, Hondarribiko kaputxino batzuek alde egin ondoren. Gainera, frankistek bere lagun batzuk fusilatu egin zituztela, Martin Lekuona oiartzuarra eta Arrasaten zeuden beste hiru apaiz. Arriskuaren susmotan, nagusiek Txilera joatea proposatu ziotela, eta hala egin zuen Intzak, 1936ko azaroan. Hogeita hamabi urtera itzuli zen exiliotik.
Une hartako Zeruko Argiari buruzko nire iritzia eskatu zidan Damaso Intzak, baina erantzuna berak eman zuen:
“Seme bihurria atera zait. Lehen erlijiozko aldizkingia zen; orain ez du ja erlijiorik ematen, eta esaten duena, oker!”.
Egungo ARGIA ikusiko balu! Baina pentsa, Zeruko Argia erlijioso, zintzo eta bedeinkatu haren egileak atzerrira jo behar izan zuen, euskarazko aldizkari bat sortze hutsagatik. Jazarpena jasan zuen, hizkuntzagatiko jazarpena.
Intza Txiletik itzuli baino urte pare bat lehenago, 1963an, berpiztu zen Zeruko Argia, Agustin Ezeiza kaputxinoaren eskutik. Laster bihurtu zen astekaria euskaltzaleen topaleku, urte haren amaierako zenbakietan ageri den idazleen zerrendak adierazten duen bezala: Juan San Martin, Carlos Santamaria, Jose Artetxe, Yon Etxaide, Nemesio Etxaniz, Martin Ugalde korrespontsal Venezuelatik… “Nere bordatxotik” atal finko ezaguna dauka Iñaki Eizmendi Basarrik, eta nola ez, honen eta Gabriel Arestiren arteko eztabaida saio bat ere ageri da; Arestik Nire oficinatik erantzuten dio “Nere bordatxotik”-en egileari. Bistan da Arestik ez zuela aukerarik galtzen bere posizioa markatzeko. Baina, bide batez, Zeruko Argia haren zabaltasuna adierazten du hitz-jokoak: Errezilgo bordatxotik Bilboko ofizinarainoko tarte sozial eta kulturala hartzen zuen aldizkariak. Aldi horretan hasi zen Zeruko Argia lurtar bilakatzen, eta belaunaldi erabakior bat aipatzekotan, “Gazte Naiz”-ekoa: Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoriaren inguruan bildu zirenena. Baita zaharxeagoak ere, Larresoro –hau da, Jose Luis Alvarez Txillardegi– tartean. Eta Miren Jone Azurza, lehen zuzendari emakumezkoa. Hurrena Mikel Atxaga, Amatiño eta abarren garaia izan zen, kaputxinoen ordezkaria Kaietano Ezeiza zela.
1968tik 1974ra hamarren bat espediente ireki zizkion Informazio eta Turismoko Ministerioak Zeruko Argiari. 1970ean, Burgosko Epaiketari buruz idatzitako editorialagatik deklaratzera joan behar izan zuen Mikel Atxagak epaitegira. Isunak, behin baino gehiagotan jarri zizkioten Zeruko Argiari. Zentsurak ez zuen barkatzen.
Profesionaltasun ukatua
Franco hil eta berehala, Euskal Kazetaritzaren Urtea izendatu zuten 1976a Zeruko Argiak, Anaitasunak eta Goiz Argik. Orduko espiritu haren islada gisa, Atxagak idatzitako editorialaren zati hau dakart:
“Euskal kazetaritza irmo bat sortu behar dugu. Euskaldunon iritzi, lan, arazo, jokabide eta ametsen berri emango duen kazetaritza behar dugu. Euskal leihatilatik munduari so egingo dion kazetaritza”.
Hego Euskal Herriaren eta munduaren artean, Espainia zegoen, ordea. 1976an, Felipe González, PSOEko buruzagia etorri zen Donostiako Lintzirin hotelera prentsaurrekoa ematera eta Mikel Atxagak euskaraz egin zion galdera. Probokazioa hango askorentzat! Gonzálezen orduko emazteak, Carmen Romerok, bi kopa hartu eta brindisa eskaini zion Atxagari: “Viva Euskadi nazi!” esanez. Gertakariak dezenteko zalaparta eragin zuen hedabideetan. La Voz de Españan, Miguel Larrea zuzendariak hauxe idatzi zuen: “Un periodista no profesional” izan zela Gonzálezi galdera euskaraz egin ziona. Atxagak ez zuen denbora galdu eta argitu zion Larreari “un periodista no titulado, pero profesional” zela bera. Euskarazko hedabideetan aritzen zirenak ezin –omen– ziren profesionalak izan, titulurik ez zeukatelako, eta hori gabe, ezin kazetari karnetik eduki.
Joan Mari Torrealdaik, geroxeago, 1982an, heldu zion karnetaren gaiari Jakinen, Kazetari txartela adierazpen askatasunaren aurka izenburuko artikuluan, eta zorrotz kalifikatu zuen afera:
“Karnetaren esigentzia hori kontrola besterik ez da, Estatuarena batetik (lehen eta orain), eta, batez ere gaur egun, kazetari-elkarteen talde interesena”.
Interes horiek euskarazko kazetaritzan ziharduten profesionalen kontra jokatzen zuten betiere.
Zerutiartasuna galduta
1980ko uztailaren 13ko Zeruko Argiaren azalean, izenburu hauxe: Zeruko Argia: aldaketak irailerako. Barruan, bi orri gai horri buruz. Bertan, uztailaren 4an kaputxinoen ordezkariek eta Zeruko Argiakook elkarrekin emandako prentsaurrekoaren informazioa zetorren. Zehatzago esanda, dagoeneko Zeruko Argia Kooperatiba osatuta genuenok esplikatzen genuen, nola kaputxinoek aldizkaria gure eskuetan uztea erabaki zuten eta guk aldizkariarekin jarraitzea. Editoriala ere eskaini genion gaiari. Pasarterik esanguratsuena, hauxe:
“ (…) Itxuraz, maitale asko du euskarak. Ia guztiek diote salbatu egin behar dela eta hau eta beste. Honekin kontsekuente izateko, jaun-andreok, bitartekoak jarri behar dira. Eta lehenengo erantzun behar duena, botere publikoa da. (…) erabakia ikusi egin behar nolakoa izaten den, oraingo itxurak ez dira behintzat onak. Entzun, entzuten baitira zurrumurruak, aitzakiak, ideologia-eta aipatuz”.
Elebidun gisa
aurkeztu ziren Deia eta Egin. Laster frogatu zen elebitasun hori diglosia zela
Eusko Kontseilu Nagusiarekin egonak ginen gure arazoa planteatzeko, baina erantzunik ez. Ordurako Legebiltzarra eta Jaurlaritza ere osatuta zeuden, baina jaramonik ez. Editorialean aipatzen genituen ideologia kontuak, kaputxinoek zabaldu zuten idatzian esplikatzen ziren:
“(…) Zeruko Argia gero eta erradikalago bihurtzen joan da. Eta bortxaz –Meinhof taldeaz–, homosexualitateaz eta lesbianismoaz, edo feminismoaz eta abar” idazten genuela zehazten zuen agiriak. Eta hori ezin zutela onartu kaputxinoek.
Ziur kaputxinoek protestak eta presioak jasan zituztela. Protesta horiek erredakziora ere iristen ziren. Lagin gisa, gutun anomino hau:
“Seksu obsesioa/ Gora Euskadi Askatuta/ bragetaren atean/ presoak kalera/gure obsesio hori da/presoak kalera/gezurtien saldoa/aundiena, gu gera/pene, pene, u-bi-a/gure obsesio handia/esne txarra penean/kaka zaharra abian”.
Anaitasuna-ren praileen letania zeraman izenburutzat idatzi horrek. Jomugan, izan ere, Anaitasuna eta Zeruko Argia zeuzkaten, garaiko bi aldizkari aktiboenak. Kontua da kanpaina antolatua egon zela harpide tradizionalen artean –jeltzaleen girokoen artean– harpidetzak bertan behera uzteko. Bistan da Zeruko Argiak ez ziola jada sektore horren estiloari erantzuten: hasteko, euskara batua eta zorioneko hatxea zeuden. Eta horrez gain, belaunaldi berriak zekartzan jarrera ezkertiar eta aurrerakoiak. Adibide bat, halako eskandalua pizten zuen sexualitatearen gaia nola tratatzen genuen ikusteko: emakumearen sexualitateari buruz Shere Hite sexologo feministak egin zuen txostenaren berri emanez, esaterako. Bide batez, Hite estatubatuarra da sortzez, baina nazionalitate alemaniarra hartu zuen, Ameriketan bere lanen ondorioz jasan zuen jazarpenagatik. Deabrutu egin zuten Shere Hite emakumeen sexualitatea lantzeagatik. Deabrutu egin gintuzten gu, halako gaiak dibulgatzeagatik.
Elebitasunaren iruzurra
Gerra garaiko gudari-kazetari haiek Eguna egunkaria bertan behera utzi zutenetik berrogei urtera, 1977ko ekainaren 8an, kaleratu zen Deiaren lehen zenbakia; jeltzaleen eskutik zetorren. Hiru hilabetera, irailaren 29an, atera zen Eginen lehen zenbakia; proiektu honen atzean ere abertzaleak zeuden, ezkerrekoak. Elebidun gisa aurkeztu ziren proiektu bata zein bestea. Laster frogatu zen elebitasun hori diglosia zela.
Martin Ugalde Deiako zuzendariorde izan zen, egunkari horren sorreran. Joan Mari Torrealdaik Ugalderen bizitzari buruz idatzi zuen liburuko atal batek izenburua hauxe darama: Esperientzia etsigarria Deia-n.
Torrealdairen galdera Ugalderi: “Euskarazko lana gutxietsia ikusi zenuen?”. Erantzunetik, entresaka eginda, hauxe:
“Astean behin edo, orrialde osoko elkarrizketak egiten nituen, eta nire bizkar farrez sentitu ditut orrialde bat euskaraz nork irakurriko zuen, bada, broman hartuta!... Izpiritu honetan nire ahaleginak alferrikakoak zirela ikusiz, urtea bete nuenean, agur esan nien”.
Zirrara eragiten du testigantza honek. Eskerrak, Ugaldek errebantxa hartu zien, nolabait, handik dozena bat urtera, Egunkaria Sortzen-eko kide egin zenean. Errebantxa, diot, ez alderdiaren kontra joateagatik, euskarazko kazetaritzaren alde egiteagatik baizik.
Diglosiak, izan ere, bazterkeria ezartzen dio, ez bakarrik hizkuntzari, baita hizkuntza horretan bizi eta garatzen den komunitateari, eta hizkuntza horretan diharduten profesionalei.
Kazetaritza estigmatizatua
Intrahistoria honek ekarri digun emaitzaren arabera, euskarazko kazetaritza izan da: ez normala, militantea, jazarpena pairatu du 36ko gerratik hasita; kopeta beltz jardun du; zentsurapean egon da; ukatu egin zaio profesionalatasuna, bazterkeria jasan du eta deabrutua izan da.
Errepaso honetan, nahita utzi dut bukaerarako Euskaldunon Egunkariaren itxiera. Izan ere, 2003ko otsailaren 20an Juan del Olmo epaileak zuzendutako operazioak orain arte aipatutako ezaugarri eta aje horien guztien printzak biltzen ditu, arragoan nahastuta, eta… tortura gehituta.
Joan Mari Torrealdaik 2011. urtean Jakinen argitaratutako artikuluan ematen ditu gako batzuk.
“2002. urtean Guardia Zibilak idatzi zuen txosten batek bitan banatzen zuen euskalgintza: ona eta gaiztoa, instituzionala eta terrorista. Gure atxiloketen eta Egunkariaren epaiketaren oinarria txosten hori izan da: euskalgintza gaiztoa ginen. (…) Tesi horren indar espantsiboak euskalgintza soziala oso-osorik ETAren baitako bihurtzen du”.
ETAren aitzakiarik ez dago jada. Dena dela, ETArena aitzakia koiunturala izan dela esan genezake. Izan ere, ibilbide honetan ikusi dugun bezala, ETA jaio aurretik, jada, estigmatizatuta zegoen euskarazko kazetaritza, eta ez dirudi erakunde armatua desagertzeak estigmatizazio hori erabat ezabatu duenik.