argia.eus
INPRIMATU
Haurrei euskarazko izenak jartzea debekatu zuen Cadena Eleta apezpikuak kale bat du Gasteizen
  • 1910 urtean, Gasteizko gotzain José Cadena Eletak debekatu egin zuen haurrei euskarazko izenak jartzea. Elizgizon euskarafobo honi agintari frankistek Gasteizen kale bat eman zioten Florida parkean bertan 1960ko hamarkadan, eta gaur egun ere bertan da.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko otsailaren 03a

José Cadena Eleta Pitillasen jaio zen, Nafarroan. Ikasketak Iruñeko apaiztegian egin zituen, eta zuzenbidea ere ikasi zuen Zaragozako unibertsitatean. Biurrungo eta Agoitzeko apaiza izan ondoren, Espainian ibili zen. Eusko Jaurlaritzaren webgunean bere eliz bizitza errepasatzen duen artikuluan aipatzen ez den arren, 1910eko otsailaren 3an agiria plazaratu zuen haurren bataioetan euskal izenak debekatuz.

Bera hil eta mende erdira, Gasteizko Luis Ibarra alkate frankistaren garaian, bere izena jarri zioten katedralaren ondoko kaleari. Virginia López de Maturanak "La construcción del imaginario simbólico en Vitoria durante el Franquismo" lanean pasadizo hori bere testuinguruan kokatu du.

"Cadena y Eleta Gasteizko apezpiku izan zen 1905 eta 1913 bitartean, eta kale baten izena eman zioten. Euskal historiografia orokorrean, José Cadena y Eleta bereiziki egin zen ezagun EAJrekin izan zituen enfrentamenduengatik, besteren artean, bataioetan euskarazko izenak debekatzen saiatzeagatik. Zentzu honetan, pentsa daiteke 1960ko hamarkadan pertsona honi kale bat emanez Udalak Eliza espainiarzalea babestu nahi izan zuela, euskal abertzale katolikoen aurrean, erregimenarentzat euskal elizaren abertzaletasuna arazo iturri bihurtzen ari zen unean".

Agintari frankistek aitzakia gisa baliatu zuten Cadenak 1907an katedrala berritzeko lanak hasi izana, esateko, horregatik merezi zuela omenaldia. 1913an gerarazi zituzten lan hauek, eta 1946an berrekin ostean, Francoren presentziarekin amaitu zituzten 1969an. "Cadena y Eleta kalea justu katedrala zegoen lekuan egoteak bere omenaldi izaera ematen dio", dio ikerlariak.

Mahai gainean jarri behar da, Pitillasen jaiotako apaiz euskarafoboa 1918an hil zela eta handik hilabete batzuetara Vatikanoak baliorik gabe utzi zuela haurrak euskal izenez bataiatzea debekatzen zuen agindua.

Noiz arte mantenduko dugu euskaldunok gure hizkuntzaren aurka hain nabarmen egin zuen pertsona baten omenezko kalea?

Monseñor Cadena y Eleta kalea mapan.