argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko irakaskuntzaren aldeko kanpaina abiatuko dute Nafarroako hainbat eragile euskaltzalek
  • Aurrematrikulazio epea irekitzearekin batera, Zerotik aurrera aukeratu euskara! kanpaina jarriko dute martxan Nafarroan. Hala gurasoak bultzatu nahi dituzte beren haurrak euskarazko irakaskuntzan matrikulatzera. Kanpainarekin bat egin dute hainbat eragile euskaltzalek.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 20a

Martxoaren 6tik 17ra egongo da irekita aurrematrikulazio epea Nafarroan, eta hainbat talde euskaltzalek bat egin dute euskarazko irakaskuntza bultzatzeko xedea duen Zerotik aurrera aukeratu euskara! kanpainarekin. Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Sortzen Elkartea, NIZE, HE Gurasoak, LAB, ELA, STEILAS, AEK, IKA, Zonalde Diskriminatutako Gurasoak, Zaldiko Maldiko eta AET dira bat egin duten eragileak.

Guztiek sinatutako idazkian jakinarazi dutenez, aurrematrikula garaia "belaunaldi berriei begira erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia" da, orduantxe aukeratzen baitute familiek "haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten". "Eta zalantzarik gabe, hizkuntzaren hautuak berebiziko garrantzia hartzen du erabaki horretan", adierazi dute. Eremuaren arabera hizkuntza eskubideen aitortza ezberdina denez, eta hizkuntza urraketak "etenik ez" dutela kontutan hartuta, eragileek euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua indartu nahi dute. Euskararen aldeko hautua "aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua" dela helarazi nahi diete haurrak eskolatze adinean dituzten familiei. "Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu".

Kanpainak bi asteko iraupena izango du, eta epe tarte horretan egunero irudiak igoko dituzte sare sozialetara. Irudi bakoitzak esaldi bat jasoko du, eragile bakoitzak proposatutako D ereduaren aldeko argudio bat plazaratuz. Irudi guztiek mosaiko bat osatuko dute, "euskalgintzaren batasunak eta euskarak batzen gaituztela irudikatuz". Mosaikoak haur baten silueta irudikatuko du, ondoko ideia helarazi asmoz: euskara txikitatik belarritik sartzen dela eta ahotik ateratzen dela.