argia.eus
INPRIMATU
Bordeleko errektoretzaren erabakiaren harira, euskarazko irakaskuntzaren aldeko izenpedura bilketa abian da
  • Hiriburuko eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazio proiektua abiatzea ukatu berri du Bordeleko errektoretzak, betiko argudioarekin: derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela. Geroz eta ahots gehiagok du jarrera hau salatzen eta herritarrak ere badu bidea, petizio bidez.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko uztailaren 28a

Zaharrak berri Bordeleko errektoretzan: Frantziako Konstituzioari segi derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar da eta euskara hutsezkoak ez du lekurik. Azken asteetan berriz ere oroitarazi dute, Hiriburuko eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazio proiektu bat abiatzea ukatu izanaren esplikazio gisa. Zaharrak berri euskaldunen artean ere: Kasu, behar izanez gero mobilizatzen jakinen dugu.

Egunez egun, geroz eta ahots gehiagok du Bordeleko errektoretzaren jarrera publikoki salatzen. Herritar gisa ere deitoratu daiteke egoera, sarean jarritako izenpedura bilketan parte hartuz. 2.500 izenpedura bildu dituzte hiru egunez.

Euskalgintza kexu eta kezkatuta

“Eskola publikoan murgiltze klaseak idekitzea errefusatzea ikasleek euskara eta euskaraz kalitatezko irakaskuntza eskuratzeko duten eskubidea urratzea" dela dio Euskal Konfederazioak, gehituz hautuz hizkuntza-aniztasuna “borrokatzen” segitzen duela Frantziako Gobernuak.

Aterabiderik ez bada aurkitzen kaleetatik exijituko dela ulertarazi du Euskal Konfederazioak: “Iraganean hainbat aldiz euskararen irakaskuntzaren eta erabilpenaren alde masiboki mobilizatzen jakin duen jendartea erne egotera deitzen du”.

EEPk salatutako erabakia

Uztailaren 15ean eman zuen Bordeleko errektoretzaren jarreraren berri Euskararen Erakunde Publikoak. Frantziako Estatua, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoaren partaidetzan oinarritzen da 2004an sorturiko egitura hau. Egoera gogorki salatu eta "kontsentsu politiko, instituzional eta soziala" zalantzan jarriak direla gehitu zuen orduan Mathieu Berge Akitania Berriko ordezkariak.

Elkargoaren mozioa, aho batez bozkatua

Uztailaren 17an Euskal Hirigune Elkargoak aho batez bozkatu zuen Bordeleko Errektoretzaren jarrera “ulertezina eta onartezina” dela dion mozioa. Jarrera salatzeaz gain, euskara hutsezko esperimentazioak "garatzea eta indartzea" galdegin dute hautetsiek, aho batez.

Betiko jakobinismotik idatzitako gutuna bidali zion Alain Iriart Hiriburuko auzapezari Bordeleko errektoretzak: Frantziako 1958ko Konstituzioaren arabera derrigorrezko irakaskuntza “Errepublikako hizkuntzan” –ulertu frantsesez– egin behar oroitaraziz. Hori horrela, ez dio onartu euskara hutsezko murgiltze ereduaren esperimentaziorik eta baliteke postura bera agertzea beste herrietako eskaerei buruz ere. Gainera, argudio hori ikastolei begira ere bideratzeko arriskua badela diote euskalgintzako hainbat eragilek.