Gaur Ipar Euskal Herriko zenbait hautetsi Frantziako Gobernuko Hezkuntza Ministerioko ordezkariarekin elkartuko da Parisen. Bihar, irailak 1, hezkuntza eragileek protesta egingo dute Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoaren atarian, 10:00etan, Hezkuntza Ministerioak murgiltze esperimentazioa ukatu izanagatik.
Uztailean, Hiriburuko eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazio proiektua abiatzea ukatu zuen Bordeleko errektoretzak, betiko argudioarekin: derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela.
Erabakiak hautsak harrotu ditu euskalgintzan, hezkuntza eragileengan eta hainbat hautetsirengan. Hala, Akitania Berriko eta Pirineo Atlantikoko hezkuntza arduradunekin negoziaketek aurrera egin ez dutenez, astelehenez hainbat hautetsi Parisen dira euskara hutsezko irakaskuntza aldarrikatzera joanak. Bileran Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak, Alain Iriart Hiriburuko auzapezak, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariek eta Vicent Bru diputatuak hartuko dute parte.
Eskola publikoan hainbat euskara hutsezko esperimentazio egitasmo daude haur eskoletan eta Hiriburuko proposamenari baino ez dio ukatu bidea egitea Hezkuntza Ministerioak. Hala ere, euskalgintzak eta hezkuntza eragileek orain arte egindako bideari oztopoak jartzeko arriskua antzeman dute.
Irailaren 1ean, eskola sartze egunean, Ikas-Bi, Seaska, Biga Bai, Euskal Haziak, Euskara Geroan eta Erakasleak elkarteetako ordezkariak elkartuko dira Hiriburuko Baste Quieta eskola publiko aitzinean, 10:00etan. Hautetsiei dei egin diete elkarretaratzean parte har dezaten.