argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko Interneten Eguna egingo dute Azpeitian
  • Maiatzaren 17an ospatuko den Informazio Gizartearen Nazioarteko Egunaren harira Euskarazko Interneten Eguna antolatu dute PuntuEUS Fundazioak eta Kulturaz Kultur Kooperatibak. Sarean euskararen erabilpena sustatzea izango du helburu.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 17a
Iazko Internet Eguneko une bat (Arg: PuntuEUS Fundazioa)

Ikastolen Elkarteak egin dituen neurketen arabera, Internet erabiltzen duten euskaldunen %10ek bakarrik dauka euskara nabigazio-hizkuntza bezala. Sarean gailentzen den hizkuntza gaztelera da (%70-80).

Egoera aldatu eta sarean euskara sustatzeko helburuarekin egin zuten iaz Euskarazko Interneten Eguna Iruñeko Katakrak liburu dendan. Interneten 25 urteetan euskarak izan duen tokia aztertu eta aurrera begira helburu batzuk finkatu zituzten.

Aurtengo edizioaren helburu nagusia izango da enpresak, eragileak eta erabiltzaileak bultzatzea Internetera konektatzeko gailuetan eta nabigatzaileetan euskara erabiltzera. Hori lortzeko PuntuEus Fundazioak, CodeSyntaxek, Kontseiluak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean landu duten proiektua gizartearekin partekatuko dute.

Azpeitian izango da Euskarazko Internet Eguna, maiatzaren 17an, arratsaldeko zazpietan. Internet bidez izena emateko aukera dago.