argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza sustatzeko Zinuema egitasmoa abiatuko dute UEMAko lau herritan
  • Zinema aretoetan dagoen euskarazko eskaintza urriari erantzuteko asmoz Zinuema egitasmoa sortu du UEMAk Tinko Filmeak-ekin elkarlanean. UEMAko lau udalerritan hasiko dute egitasmoa: Igorren, Etxarri-Aranatzen, Azpeitian eta Ataunen askotariko film eta dokumentalak proiektatuko dira eta proba pilotua egin ostean eskaintza zabaltzea da asmoa.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 20a
Argazkian Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandia, Etxarri-Aranatzeko alkate Silvia Marañon, Azpeitiko kultura zinegotzi Eneritz Albizu, UEMako lehendakari Iraitz Lazkano, Ataungo kultura zinegotzi Irati Arratibel, Kulturaz kooperatibako Eusebio Beloki eta Igorreko alkate Illart Gumuzio. Argazkia: UEMA

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano, Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandia eta egitasmoan parte hartuko duten udalen ordezkariak izan dira aurkezpenean. Iraitz Lazkanok azaldu du euskarazko kultur eskaintza indartzeko nahia dagoela egitasmoaren atzean: “Administrazioen ardura da euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzea eta programazioetan lan horiek txertatzearen aldeko apustua egitea. Horregatik abiatu dugu ekimen hau; guri toki-administrazio gisa dagokiguna kontuan hartuta, gure esku dagoena egiteko; borondatea izanez gero bidea egin daitekeela erakusteko, baina baita gai honetan guk baino eskumen zabalagoa dutenei gure bidelagun izan daitezen eskatzeko ere”.

UEMAko lehendakariak mintzagai izan ditu Euskal Herrian kultur kontsumoari buruz egin diren azterlanak: “Azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk argitaratutako ikerketak ere azalarazi du pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere nerabeek, eta ikusten ari gara horrek eragin nabaria duela hizkuntza-ohituretan”. Kontsumoan eragiteari begira, UEMAko lehendakariak ezinbestekotzat jo du eskaintza egotea, eta aisialdia euskaraz bizitzeko aukerak sustatzeko beharraz hitz egin du: “UEMAren helburu nagusietako bat da udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzea, eta Zinuema ekimena helburu horretarantz beste urrats bat egiteko sortu da”.

Illart Gumizio Igorreko alkateak gogoeta egin du udalerrietan egiten den kultur programazioari buruz: “Beti sustatu gura izan dugu herritarrek euskarazko kulturaz gozatzeko aukera izatea, eta, horretarako, urte osoan egiten dugu ahalegina ekintzak eta emanaldiak antolatzeko. Ikus-entzunezkoen arloan, ez da oso handia euskaraz sortutako eta bikoiztutako lanen kopurua, eta, horregatik, garrantzitsua da ahalegin kontziente bat egitea euskaraz egin diren lanak eta itzulitakoak batu eta gure herrietara ekartzeko. Uste dut gure esku ere badagoela herritarrak euskarazko edukiak kontsumitzera ohitzea, eta, kasu honetan, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza bermatzen badugu, herritarrentzat ez da hain ezohikoa izango euskarazko filmak eta dokumentalak ikustea”.

Euskarazko eskaintzaren panorama

Tinko Filmeak-en helburu nagusia, hain zuzen, euskarazko zinema komertzialaren eskaintza gabeziari erantzutea da. Tinkoko Iñigo Arandiak azaldu du duela ia 30 urte hasi zirela lanketa hori egiten, eta egungo egoera ez dela askoz hobea. Arandiak Pantailak Euskaraz herri mugimenduak emandako datuak ekarri ditu gogora: “Gaur egun, bertako ekoizleek sortzen dituzten euskarazko filmak 2-3 izan daitezke urterik hoberenean, eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Zineuskadi erakundeak 10-12 film bikoizten ditu urtean, haurrei zuzendutakoak denak edo ia denak”.

Zinemako kontsumo-ohiturak erabat irauli dituzten streaming plataformei buruzko datuak ere eman ditu Tinko elkarteko kideak: Filminek, esaterako, euskaraz 65 eduki zituen 2021eko irailean, eta urtebete geroago 83 dauzka; Netflixek 3 zeuzkan iaz, eta 44 dauzka aurten; Disney+ kateak ez dauka eduki bat bera ere euskaraz. Arandiaren berbetan, “azken urtean euskarazko eskaintza igo egin da ikus-entzunezko lege berriaren eta Pantailak Euskaraz eta horrelako mugimenduen presioari esker, baina plataforma hauetan eskainitakoa ez da euskarazko aisialdi normalizatu batek behar lukeen adinakoa”.

Zinuema-ko eskaintza

Iñigo Arandiak nabarmendu du programa pilotua lagungarri izango dela bihar-etzi eskaintza egonkorrago bat diseinatu ahal izateko: “Probatu nahi dugu egingarria izango ote litzatekeen etorkizun batean egitaraua eskala handiagora eramatea, herri eta batez ere aste gehiagoko eskaintza batera”. Arandiak azaldu du hainbat formatutako lanak testatu nahi izan direla Zinuema-ren egitaraua prestatzeko: “Izan ere, gaur-gaurkoz ez da egingarria urte osoko programazio bat egitea euskarazko filmekin soilik; horregatik dira hainbat formatutako lanak, zinema areto batean euskaraz goza daitekeen ekitaldi kopurua handiagoa izan dadin”.

Bonu sistema

Lanak ikusteko, saio bakoitzeko sarrerez gain, bonu sistema bat egongo da, eta aukera izango da 20 euroren truke 10 eduki malgutasunez ikusteko. 1.500 bonu inprimatu dira, eta sarrera-txartelarekin trukatu beharko dira emanaldien aurretik. Bonua erosten dutenek sarrera merkeagoa izango dute eguneko txartela erosten duten norbanakoek baino.

Ikusleen balorazioa, aurrera begiratzeko

Antolatzaileek kontatu dute emanaldien ostean ikusleen iritzia jasotzeko balorazio-inkestak egingo direla: “Proba pilotu hau behar bezala neurtzeko, oso beharrezkoa izango da ikusleen balorazioa; zein formatu gustatu zaien, sarrera merkea ala garestia iruditu zaien, berriro errepikatuko luketen… Jakin nahi dugu ikusle mota bakoitzak zer ikusi nahi duen, euren iritzia jaso, aforoak bete diren, beti edo zein kasutan ez, zergatik…”. Hori guztia ebaluatzeko, inkesta bat bete ahal izango da emanaldi bakoitzaren ostean, eta erantzuten duten guztien artean 55 hazbeteko wifi telebista bat zozkatuko da.

Informazio guztia: www.zinuema.eus