Egun, euskaraz hitz egiteko gai direnen %45ek egunero kontsumitzen ditu euskarazko hedabideak, CIES enpresak kaleratutako datuen arabera. Euskarazko komunikabideen kontsumitzaileen kopurua %32 igo da azken zortzi urteetan.
Iaz, 474.000 izan ziren egunero euskarazko komunikabideak kontsumitu zituzten herritarrak. 2008an, 358.000 ziren, Berria-k kaleratu duenez.
Errota Digitala elkarteko Gorka Salces eta EHUko Nor ikerketa taldeko Josu Amezaga irakasleak eman zuten atzo datuen berri Durangoko Azokan, beste hainbat ikertzailerekin batera. Euskal hedabideen behatokiko 2016ko urtekariaren aurkezpena aprobetxatu zuten horretarako. Euskarazko komunikabideen hedaduraren argazki “zehatza” egiteko zailtasunak daudela azaldu zuten, ikerketa batzuen eta besteen arteko hutsune eta metodologia aldaketak elkarren osagarritasunerako eragozpena direla argudiatuz. Horri Euskal Herriaren banaketa instituzionala gehitu behar zaiola adierazi zuten.
Euskarazko hedabide guztiek ez dute joera bera. Edizio elektronikoen eta irratien kontsumoa nabarmen handitu da, eta telebistarena berriz, apaldu. Eguneroko paperezko prentsa, berriz, bere horretan mantendu da. Salcesen ustez irratien gorakada zergatiak “tokikotasuna, eragileen aniztasuna eta hedapen geografiko zabala” izan daitezke.
Gaztentzako edukietan gabeziak
Halere, Salcesen arabera, kontsumitzaileek gora egin arren gabeziak daude: “Ez da asmatu gazteentzako edukiak sortzen eta sortu diren kasuetan eginiko lana ezagutarazteko baliabideak falta izan dira”.
Sareko komunikabideen kontsumoaren joera aztertzeko “formatu tradizional eta digitalen arteko fluxuan jarri behar da arreta” Errota Digitaleko ikertzailearen ustez. Datu hutsetan baino, fluxu horiek eragiten dituzten esperientzietan zentratu beharra ikusten du.
Hedabideen urtekarian Euskal Herriko egoera Galesekoarekin alderatu dute, hizkuntza politikan eta hedabideen zabalpen eta kontsumoan oinarriturik. Aurkezpenean, Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranek euskal hedabideen inguruko datutegiari buruzko informazioa ere eman zuen. Ane Urkola eta Eneko Bidegain irakasleak arduratu ziren tokian tokiko komunikabideen azterketaz.