argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko haur eskolen kautelazko neurriak bertan behera uzteko eskatu dio Iruñeko Udalak epaileari
  • Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak esan du "praktikoki ezinezkoa" dela beste aurrematrikulazio epe berria irekitzea, eta beraz, euskarazko bi zentroei eutsi behar zaiela.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko ekainaren 03a
Euskarazko haur eskolen aldeko elkarretaratzea Iruñeko Udal Plazan. (Arg.: Euskalerrria Irratia).

Abuztuaren 16a. Hori da haur eskolen irekiera data. Eta ordurako gatazka konponduta egotea nahi du Iruñeko Udalak. Are gehiago, Donibaneko eta Printzearen Harresiko bi zentroak euskaraz aritzea aurreikusi du, izan ere, hizkuntza eredua aldatzearen kontrako helegiteak biderik ez duela eginen pentsatzen du. Gauzak ez daude erraz, ordea. Gaur gaurkoz, egoera "ez atzera, ez aurrera" dago Iruñeko alkate Joseba Asironek Euskalerria Irratian esan bezala.

Horregatik, "blokeoa" gaindi dezan eskatu dio udalbatzak epaileari; alegia, kautelazko neurriak altx ditzala eta oraingo aurrematrikulazio kanpaina bere horretan uzteko.

Hezkuntza Departamenduaren laguntza izan du Udalak eskaera horretan. Departamenduak txostena prestatu du euskarazko bi haur eskola berri irekitzeak "eskubideak" sortzen dituela esanez. Hezkuntza Sailaren arabera, funtsean, eskubide horiek otsailaren 15ean Hezkuntzako Zuzendari Nagusiak kaleratutako aurrematrikulazio ebazpenetik datoz, eta honi helegiterik jarri ez zitzaionez, eskubide horiek indarrean dira eta bere bidea egin behar dute.

(Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC lizentzia baliatuta)