argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko haur eskolak bertan behera uzteko sententziari helegitea jarriko dio Iruñeko Udalak
  • Donibane eta Printzearen Harresi haur eskoletan euskara eskaintzea ez dela udal eskumena esan du Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiak. Eskaintza bera ez dagoela arriskuan jakinarazi du baina Asiron alkateak.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko otsailaren 23a
(Argazkia: Euskalerria Irratia)

Iruñeko haur eskolen euskarazko eskaintzak bertan behera uzteko agindu du Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiak, guraso batzuek aurkeztutako helegitea aintzat hartuz, baina Iruñeko udalak helegitea aurkeztuko du.

Haur eskolak ez direla udal eskumena dio sententziak, baizik eta Nafarroako Gobernuarena. Joseba Asiron alkateak, berriz, azpimarratu du unitate aldaketa edota izendapen aldaketa egotekotan baizik ez duela behar udalak Gobernuaren baimena, eta kasu honetan, halakorik ez dela izan. "Sententziak dio aldatu dugula gure eskaintza eta hori ez da egia", esan du Asironek.

Borondatezkoa, ez derrigorrezkoa

0 eta 3 urte arteko zerbitzua derrigorrezkoa ez dela gogorarazi du, halaber, Iruñeko Udalak eta nahi duelako eskaintzen duela, "borondatez". Hala, sententziak "udal autonomia printzipioa" urratzen duelakoan dago alkatea: "Teorikoki behintzat –haur eskola zerbitzua– ez emateko aukera ere badugu".

"Lasaitasuna". Hori da familiei helarazi nahi izan dien mezua alkateak, heldu den urteko matrikulan aldaketarik ez dela egonen esanez eta oroitaraziz sententzia ez dela betearazlea errekurtsoa aurkeztekotan. "Seme alaben eskubideak bermatuta daude; jarraituko dute berdin".

Kalte ordainak

Ez da litekeena, baina epaitegiek errekurtsoa tramitera onartuko ez balute ere, galeren ordaina eman beharko lieke Udalak kaltetuak izan direla froga dezaketen gurasoei. Beste aldaketarik ez legoke. Haur eskoletako euskarazko eredua ez dago arriskuan, ondorioz.

Euskalgintza, kalera

Mobilizazioara deitu du Iruñeko euskalgintzak eta ostegun arratsaldean "agerraldi masiboa" egin dute Udaletxe plazan.

 

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.