Iruñeko Euskalgintzak azaldu duenez, hirian dauden 12 udal haur-eskoletatik bakarra dago euskaraz murgiltze ereduan: "Horrek esan nahi du eskola horietan eskainiko diren 1.069 plazetatik 130 bakarrik izango direla euskaraz (%12'16a)". Eskaintza murritz hori haurren hizkuntza-eskubideen aurkako "eraso zuzena" dela adierazi du, "familia guztien eskubidea baita Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur-eskolak izatea, etxetik gertu". Egoera horren erantzuleak seinalatu ditu Iruñeko Euskalgintzak: "Iruñeko Udala da zentzugabekeria horren erantzule nagusia eta, hori gauzatzeko, Nafarroako gobernuaren laguntza eta konplizitatea du, azken finean berak ematen baitio bidea hizkuntza-eskubideen urraketa horri".
Haurrak euskaraz heztea "kohesio eta berdintasunaren oinarri" dela argudiatu du Iruñeko Euskalgintzak: "Gure haurrak arrazakerian, matxismoan edo LGTBI fobian hezi nahi ez ditugun moduan, ez ditugu hezi nahi gutxiagotutako hizkuntzari bizkar emanez. Hizkuntza eta pertsona guztiek balio berbera dutela erakutsi nahi diegu, eta horien guztien errespetutik, Iruñeko jendarte eta kulturaren parte den euskara, auzo eta haur guztiei zabaldu nahi diegu. Hainbat jatorri, kultura, izaera edo bizitza izan arren, lurralde honetan elkarbizitza egitea tokatu zaigu, beraz, haur guztiek izan beharko lukete aukera Iruñea eta Nafarroako berezko hizkuntza ezagutu, eta elkarren arteko harremanak zabaltzeko. Horretaz gain, gutxiagotutako hizkuntzari gure bizitzetan tokia eginez, bestelako kulturen errespetuan ere heziko ditugu etorkizuneko iruindarrak".
"Euskara gutxiago emanez, nola biziko dira berdintasunean geroko hiritarrak?" galdetu du Iruñeko Euskalgintzak. "Bertoko hizkuntza auzo guztietara ez zabaltzea, haur askori ateak ixtea da, aukera berdintasuna ez bermatzea eta hizkuntza batzuk besteek baino gehiago balio dutela erakustea da, pertsona batzuk besteek baino gehiago balio izango balute bezala".
Euskarazko murgiltze ereduaren alde egin dute: "Auzo guztietan euskara eta gaztelania erabat menperatzeko gai izango diren haur-eskola ereduak behar ditugu, bai eta, etorkizunean, bestelako hizkuntzak ikasi ahal izateko gaitasuna handituko diena. Hori guztia eskaintzen du euskarazko murgiltze ereduak".
Hala adierazi du Iruñeko Euskalgintzak: "Hezkuntza eredua publikoa eta kolektiboa den heinean, justizia, berdintasun eta bizikidetzaren alde egin behar du, beraz, hautu indibidualetik harago doa. Oinarri horiek dituen hezkuntza eskaintza bat egin ezean, nekez egin dezakete herritarrek horren aldeko apustua. Euskarazko murgiltze eredua euskara zein gaztelaniaren ezagutza egokia bermatzen dituen eredu bakarra dela azaldu gabe, nekez eraikiko dugu hiri berdinzaleago bat eta auzo eta pertsona guztiei aukera berdinak bermatu ezean, nekez eraiki dezakegu hiri justuago bat".
Arduradun politikoei dei egin diete: "Udaleko alderdiek zein Gobernuko alderdiek hizkuntza eskubideei begira erantzun beharra dute, arduraz, ausardiaz eta justiziaz".