Iruñeko Euskalgintza plataforman bildutako eragileek egin dute deialdia. Hiriburuan dauden hamasei haur eskoletatik batean eskaintzen da euskarazko murgiltze eredua. Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diote auzo bakoitzean murgiltze ereduko haur eskola bana irekitzeko.
“Ez da gauza berria”, hala dio guraso batek ahotsa.info-k egindako ikus-entzunezko erreportajean. Gurasoek eskatzen dute 0 eta 3 urte bitarteko haurrek euskarazko murgiltze ereduan ikasteko aukera izatea; eskariak eskaintza gainditzen du. Eta eskatzen dute murgiltze eredua duten haur eskola publikoak auzo guztietan irekitzea, haurrak egunero eskolara eramatea gauzagarria izan dadin. Gaur egun, hamasei haur eskola publiko daude Iruñean eta horietatik bakarrak dauka euskarazko murgiltze eredua. Beste hiru eskoletan euskara eta gaztelania eskaintzen dituzte, eta hiru eskolak hiriburuaren iparraldean daude.
Iruñeko Euskalgintzak egin du manifestaziorako deialdia, haur eskola publikoak euskaraz eskatu ditu, eta Iruñean euskaraz bizi, hezi eta lan egin nahi dutela aldarrikatuko dute manifestazioan. Iruñeko Euskalgintzak adierazi du Nafarroan euskararen egoera tamalgarria dela, jasotzen dituen erasoez gain, “euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen delako, behin eta berriz”.
Eragile hauek biltzen ditu Iruñeko Euskalgintzak: AEK, IKA, Sortzen, HE Gurasoak, AET, ELA, LAB eta Steilas. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Sarasate pasealekutik maiatzaren 16an.
EHEk apirilean egin duen Harrotze Astean Iruñeko hainbat autobus geltokitako publizitatea aldatu du eta haur eskola euskaldunak eskatu ditu. Maiatzaren 16ko manifestazioa babestu du.
Iruñeko bus geltokiko publizitatea aldatu eta haur eskolak euskaldunak eskatu ditu EHEk "Harrotze Astean"https://t.co/KVmXESeefc@EHEbizi pic.twitter.com/ZjvkmD9pMo
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) April 27, 2024
Ahotsa-info hedabideak ikus-entzunezko lan hau berreskuratu du Iruñeko haur eskolen egoera azaltzeko. Bertan, besteak beste, guraso, irakasle eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak hitz egiten dute. Erreportajea 2021ean egindakoa da, udal gobernuan UPN zegoenekoa.