argia.eus
INPRIMATU
Hezitzaile lanpostuetarako euskarazko eta gaztelaniazko azterketak ordu berean, BaraƱainen
  • Barañaingo EH Bilduk salatu du Barañaingo Udalak haur eskoletarako hezitzaileen deialdian euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun eta ordu berean jarri dituela, eta hala, hautagaiak hizkuntza bat aukeratzera behartzen dituela.

     

     

ARGIA @argia 2024ko abuztuaren 29a
Argazkia: Euskalerria Irratia.

Euskalerria Irratiak jaso du albistea. Barañaingo Udalak bi haur eskoletarako hezitzaileak ordezkatzeko zerrenda berezituak osatu nahi ditu. Horretarako, azterketak egun eta ordu berean jarri ditu, euskaraz eta gaztelaniaz. Beraz, hautagai elebidunak derrigortuta daude bakarrean parte hartzera. EH Bilduren ustez, molde horrek euskaldunak diskriminatzen ditu. Barañaingo EH Bilduk egindako adierazpena jaso du Euskalerria Irratiak: "Hezkuntza eremuan zerrendak osatzeko metodo diskriminatzaile hori duela urte batzuk gainditu zen Nafarroan, eta orain, espezialitate bereko azterketak egiteko aukera ematen zaie pertsona guztiei, baldin eta eskatutako titulazioa badute. Barañainen, duela hamar urtetik hona, funtzionatzeko modua zerrenda bakarra izan da, eta EH Bilduk uste du metodo hori dela operatiboena eta bidezkoena". Alderdiaren ustez, "gobernu taldearen politika euskarafoboek udalaren funtzionamendua oztopatzen dute".

Zizur zendeako Udalean euskarazko lanposturik ez

Hedabide berak eman du euskaldunen aurkako diskriminazio honen berri ere. Uztailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialak dakar zehaztapena: 2024ko udaleko plantilla hamabi lanpostuk osatuko dute eta ez da eskatzen horietako batean ere euskara ezagutzarik. Euskara ez da meritu gisa ere kontuan hartuko. Afera 2016tik dator: Nafarroako Administrazio Auzitegiak Zizur zendeako Udalaren plantilla organikoa baliogabetu zuen euskarari lotutako lanposturik ez aurreikustearren. Ebazpenean bereziki aipatzen zuen Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Zizur zendeako Erreniega Taldeak helegitea jarri zuen udalaren asmoen aurka eta eta irabazi egin zuen. Udalak ez du bete auzitegiak ebatzitakoa, eta Erreniega Taldeak adierazi du "lotsagarria" dela udalaren jarrera.