argia.eus
INPRIMATU
Gazteen artean apenas kontsumitzen dira euskarazko edukiak ETBen eta Primeran plataforman
  • Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 2.800 ikasleri egindako galdetegiaren arabera, plataforma digitaletan gazteek edukiak ez dituzte euskaraz kontsumitzen. Horrekin “arduratuta” azaldu da Pantailak Euskaraz mugimendua eta hausnarketa egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta ETBri.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 24a
Primeranen harpidetzeko promozioa. Argazkia: Durangoko Udala

EHUko eta NUPko 2.800 ikasle ingururi egin die galdeketa Ikusiker-ek. Ikasle horien ia erdiak ez du inoiz euskarazko telebista kontsumitzen.

Geroz eta eduki gehiago dago euskaraz plataforma digitaletan, hala ere, badago aldea oraindik beste hizkuntzekin. Euskarazko edukiei garrantzia emango dion plataforma sortu zuten 2023ko irailean: Primeran. Baina Ikusiker-en txostenaren arabera oso gutxi kontsumitzen da euskarazko plataforma hori. Gazteek eduki gehien plataforma digitaletan kontsumitzen badituzte ere, %1ak soilik ikusten dituela euskaraz dio ikerketak.

Ikerketan parte-hartu duten ikasle guztien artean gehienek gaztelaniaz kontsumitzen dituzte telebista eta plataforma digitalak. Lagin horren laurden batek ingelesez kontsumitzen ditu ikus-entzunezkoak plataformetan. Hala ere, ingelesak indarra galtzen du telebistan eta euskarak hedabide horretan pisu gehiago du galdetegiak erantzun dituzten ikasleen artean. Lehen hizkuntza euskara dutenek ere gaztelaniaz eta ingelesez askoz gehiago ikusten dituzte edukiak.

Hausnarketa ETBri eta Jaurlaritzari

Txostenaren emaitzekin “arduratuta” azaldu da Pantailak Euskaraz mugimendua. Horregatik, hausnarketa egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta ETBri, euskarazko ikus-entzunezkoek bizi duten egoeragatik.

Hainbat herri ekimen eta eragilek sortutako mugimendua da Pantailak Euskaraz, eta honakoek osatzen dute: Dinsey Euskaraz, Netflix Euskaraz, zinemak euskaraz eta Game Erauntsia ekimen herritarrek eta Tinko Euskara eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteek. Ikus-entzunezkoen pantaila anitzen munduan euskarak duen presentzia eskasarekin arduratuta daude eta besteak beste "euskarazko etorkizun bat" lortzea dute helburu.