argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko bilaketa-emaitzak hobetu du Google-k, “hizkuntzen tratamendu egokiagoa” lortzeko
  • Puntueus fundazioak uztailean salatu zuen Google bilaketek euskara diskriminatzen zutela, bilaketen erdietan baino ez baitzen agertzen euskara lehen tokian. Irailean, berriz, emaitzen %73ak euskara lehenetsi du.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 11
Googlek bilatzailearen algoritmoa eguneratu du \"hizkuntzen tratamendu egokiagoa\" egiteko asmoarekin.

Googlen egindako bilaketen emaitzetan euskarak hobera egin du. Uztailean salatu zuen Puntueus fundazioak Googleren bilaketek euskara diskriminatzen zutela. Fundazioak azterketaren emaitzak bidali zizkion Googleri, eta hark ostiralean adierazi du bilatzailearen algoritmoa eguneratu duela, "hizkuntzen tratamendu egokiagoa" egiteko asmoarekin.

Uztaileko azterketaren arabera, emaitzen %50ek baino ez zuen lehenesten euskara. Lagina berriz aztertu du Puntueus-ek, eta %73ra igo da bilaketen emaitzetan euskara lehen postuan agertu direnen kopurua. Horren adibide da Wikipedia; duela bi hilabete Google bilaketetan Wikipediako euskarazko emaitzak kasuen %45ean bakarrik lehenesten ziren; orain, berriz, %80an.

Josu Waliño Puntueus Fundazioko zuzendari nagusia pozik agertu da ikusita Googlek "Interneteko euskal komunitatea entzun eta bere bilatzailean euskarari dagokion tokia berreskuratzeko urratsak" eman dituela. "Puntueus-etik lanean jarraituko dugu euskara bilatzaileetan, eta, oro har ingurune digitalean lehen mailako hizkuntza izan dadin”.