argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko arreta ziurtatzeko neurriak eskatu dizkio Arartekoak Iruñeko Udalari
  • Administrazioan Euskaraz taldeak aurkeztutako eskaerari erantzunez eman du ebazpena Nafarroako Arartekoak. Udalak bi hilabete ditu gomendioa onartzen duen edo ez erabakitzeko.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 07a
Iruñeko Euskara Ordenantza berriaren aurka egindako mobilizazioa bat, iazko azaroan. Argazkia: eitb.eus.

Elkarteak salatu zuen Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzian, 38 langile egonik, euskara eskatzen duen profileko lanpostu bakarra ere ez dagoela. Kexa maiatzaren 31n aurkeztu zion Arartekoari Administrazioan Euskaraz Taldeak (AET), eta Javier Eneriz Arartekoak eman dion erantzuna jakinarazi du AETk: “Euskararen erabilera arautzen duen udal-ordenantzan xedatutakoa aplikatuz, behar diren neurriak har ditzala herritarrek Hirigintza Gerentziarekin, ahoz zein idatziz, euskaraz jarduteko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko”.

Udalak bi hilabete ditu Arartekoaren gomendioari erantzuna emateko, elkarteak azaldu duenez. Arazoa aspaldikoa dela gogorarazi du AETk, baina Arartekoaren ebazpenak eragina izatea espero duela adierazi du: “Alderdi politiko desberdinek gobernatu dute Iruñeko Udalean eta, bitartean, Hirigintza Gerentzia euskaratik aparte ibili da, autonomo. Arartekoaren parte-hartzea eraginkorra izanen ahal da!”.