argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko ahots teknologia zertan da? Norantz goaz?
  • Euskal Herriko hainbat zentro teknologikotako ordezkariek parte hartuko dute euskarazko ahots teknologiaren egoera eta etorkizuna aztertuko dituen mahai-inguruan, Jon Torner ARGIAko kazetariak gidatuta. Topaketa urriaren 17an izango da, Donostiako San Telmo museoan egingo den Euskarabildua jardunaldian.

iametza 2024ko urriaren 15

Iaz guztiok entzun genuen Common Voice egitasmoaren deia, euskal herritar ugariren ahots grabaketak eskatuz; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak Gaitu egitasmoaren baitan ekimen hau sustatu zuelako. Jaurlaritzaren kanpaina hark makinekin euskaraz ulertzeko gai izango den ahots teknologia bilatzen zuen Common Voice egitasmoaren helburuekin bat eginez, eta egiaz, grabaketa ordu kopurua nabarmen igo zen. Baina herri ekimen hark eman zuen fruitua non dago? Euskarazko ahots teknologia zertan da? Norantz goaz?

Besteak beste hori aztertu nahi da Euskarabildua jardunaldian gai honi eskainiko zaion mahai-inguruan.

Bertan izango dira Gorka Varela Vicomtech-eko Transferentzia Teknologikoko arduraduna, Jon Sanchez EHUko Hitz Hizkuntza Teknologiako Zentroko Aholab-eko kidea, Xabier Ezpeleta Tknika-ko informatikaria eta Igor Leturia Orai-ko Hizketa-teknologien arduraduna. Mahai-inguruko moderazio lanetan ariko da ARGIAko kazetari Jon Torner.

Zer da Euskarabildua?

Euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.

Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen dituzte 2012az geroztik jardunaldiok. Aurten urriaren 17an egingo da San Telmo museoan goizeko 09:00etatik hasita.