12 eta 16 urte bitarteko gazteak aisialdian euskaraz aritzea du xede Ametzagaiña eta Iametza enpresek sortutako jolasak. Gazteek egunero euskal erreferente bat asmatu behar dute eta gramatikaren inguruko galderak erantzun behar dituzte horretarako. Egitasmoa martxan jarri zenetik astebete igaro ondoren balorazio positiboa egin diete sortzaileek ARGIAri.
Hi Haiz Hi egitasmoa abenduaren 2an abiatu zuten eta 15ean amaituko da. Lehiaketaren bidez gazteen artean euskararen erabilerak duen gainbeherari erantzun nahi izan diote sortzaileek, bultzada emateko asmoz.
Jokuaren dinamika eguneko pertsonai euskaldun bat asmatzea da, eta Hihaizhi.eus web orrian parte hartu ahal da. Lausotuta agertuko den argazki batean oinarrituta, ezkutuko pertsona nor den igarri behar da. Argibideak lortzeko euskararen inguruko galderak asmatu behar dira eta guztira bost saiakera daude zein den atzemateko.
Jolasa parte hartu nahi duen ororentzat irekia bada ere, gaztetxoen artean jarri nahi izan dute arreta. Iametzako kideek ARGIAri azaldu diotenaren arabera bi dira, lehiaketa 12 eta 16 urteko nerabeei zuzentzeko arrazoiak.
Batetik, euskararen erabilerari lotutakoa. Euskara sustatzeko adin “erabakigarri” bat den heinean, beharrezkoa ikusi dute euskara maila zein euskal erreferenteen ezagutza sakontzea. Sare sozialetan aurkitu ditzaketen erreferenteez haratago, euskal eremuko erreferenteak sustatu nahi izan dituzte.
Bestetik, tresna digitalen erabilerari lotutakoa, adin tarte horretakoek mugikor edo ordenagailua eskura izaten baitute. Tresna digitalen bidez, aisialdian gazteen euskara erabilera sustatu nahi izan dute.
Bi asteko luzera izango du lehiaketak eta aste bakoitzean irabazle bat izendatuko dute. Puntu gehien lortzea da helburua, eta horretarako iraupena, saiakera kopurua eta behar izandako argibide kantitatea hartuko dira kontuan.
Aste bakoizteko irabazleak jarioka mahai joko bana irabaziko du, eta sailkapen orokorreko sari nagusia, berriz, Irri Sarri Land abentura parkerako sarrera bikoitza izango da. Abenduaren 16tik aurrera iragarriko dituzte irabazleak webgunean eta lehiaketaren antolaketarekin lagundu duten Irutxuloko Hitzan zein Kukulaisi Aisialdi Topagunean. Horrez gain, irabazle bakoitzari posta elektroniko bidez jakinaraziko diote sariduna dela.
Iametzako helburuetako bati erantzuten dio Hi Haiz Hi proiektuak, euskararen sustapena tresna digitaletatik abiatuta egiteari alegia. Azken urteetan antzeko egitasmo eta lehiaketa gehiago ere sortu dituzte, horren adibide da duela bi urte eginiko Memeka. Euskarazko edukien sorkuntzan zentratzen zen hura, eta oraingo honetan “beste buelta bat” eman nahi izan diote, “euskarazko edukiak sortu baino euskarazko erreferenteak ezagutarazi nahi izan ditugu”.
Euskal pertsonaia publikoei “beren lekua” eman nahi izan diete gazteen artean ezagunagoak izan daitezen, eta bide batez, “euskara hobetzeko edo irakasteko ahalmen txiki batekin” lotu nahi izan dute proiektua.