argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz modu autogestionatuan ikasi eta bizitzeko
  • 2022ko urrian sortu zuten Euskaraske taldea Orbeko Etxearen altzoan, eta orduz geroztik hainbat jarduera antolatu ditu Gardeako baserri okupatuan, euskara “giro akademikotik kanpo eta kidetasun ingurune batean” bizitzeko.

Txabi Alvarado BaƱares Aiaraldea @aiaraldea 2023ko apirilaren 19a
'Txori urdinak' liburuaren aurkezpen musikatua antolatu du Euskaraske taldeak, besteak beste. / Aiaraldea.eus

Urte erdiko ibilbidea bete du dagoeneko Euskaraske ekimenak. Orbeko Etxean sortu zen taldea 2022ko urrian, Euskaraldiaren atarian. “Hasierako asmoa zen euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko gunea sortzea, euskararen inguruko hainbat jarduera antolatzearekin batera”, azaldu dute proiektuaren sustatzaileek.

Gardeako baserri okupatuan ostegunero egiten dira batzar irekiak, eta bertan planteatu zuten ideia. “Orbeko Etxeko kideek gogoz hartu zuten proposamena. Beraz, guztiok elkarlanean forma ematen hasi ginen Euskaraske izango zenari”.

Ostiralero arratsaldeko zortzietan

Ostiralero elkartzen dira taldeko kideak, Orbeko etxean, arratsaldeko zortzietan. Orduan erabakitzen dute zer eta nola egin. Hainbat jarduera antolatu dituzte urritik hona. “Esate baterako, Lamuza-Arraño naturgunearen blogaren aurkezpena, buru osasunari buruzko jardunaldiak, Txori Urdinak liburuaren aurkezpena, filmaren baten proiekzioa… “.

Beste ostiral batzuetan, aldiz, elkarrekin egotera mugatzen dira. “Musika entzun eta zerbait hartzen dugun bitartean hitz egin ohi  dugu. Orbekoko taberna irekita dago eta janari beganoa eta barazkijalea jateko edo dastatzeko aukera paregabea egon ohi da”.

Euskara “giro akademikotik kanpo” sustatzen

Helburu nagusi bat zuten dinamikaren sustatzaileek: euskaraz “giro akademikotik kanpo eta kidetasun ingurune batean” bizi ahal izatea. “Zoritxarrez, gure inguruan askotan ez da euskara  erabiltzen. Alde batetik, dakitenak ez dira animatzen eta, beste aldetik, ikasten ari garenak edo maila handiegirik ez dugunok ez gara erabiltzera ausartzen, ohitura faltagatik”.

Horregatik, euskara “konplexu eta presiorik” gabe sustatzen dute, eta pozik daude orain arte bizitzako esperientziekin. “Oso polita eta aberasgarria da hainbat mailetako jendearekin egotea eta ikustea nola laguntzen diogun elkarri. Batzuek hamaika aldiz galdetzen dugu nola esaten den nor nori nork lehenaldian edo hitzen bat. Horrela asko ikasten dugu, hau da, bestei entzunez edo kartelak eginez, besteak beste”.

“Zuk zeuk egizu filosofia” dute oinarri. “Taldeko kideok erabakitzen dugu zein den proiektua, zer egiten dugun eta nola gauzatu dugun. Ez gaude programa instituzional bati lotuta, ezta dirulaguntzei ere, eta maila eta adin guztietarako gune irekia da”.

“Kidetasuna” eta “ikuspegi politiko partekatua” ere dira ekimenaren osagai garrantzitsuak. Epe labur zein luzera begira, ildo beretik jarraitu nahi dute. “Gure artean ikastea eta gozatzea eta zerbait kolektiboa sortzea dugu helburu”.