argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz mintzo ziren bi polizia kanporatu zituzten Bartzelonako eskola batetik
  • Bartzelonako El Ravall auzoko Collaso i Gil eskolatik euskaraz mintzo ziren kalez jantzitako bi polizia kanporatu zituzten urriaren 1ean. Euskaldunen lana zelatatzen ari zirela salatu dute eskola horretako Erreferendumaren Defentsarako Komiteko (CDR) kideek.

Axier Lopez @axierL 2017ko urriaren 03a
Collaso i Gil eskolaren kanpoko aldean bildutako jendea urriaren 1ean. (Argazkia: Pablo Lasaola)

Eskola horretako CDRko kideek ARGIAri adierazi diotenez, urriaren 1eko 05:00etan Collaso i Gil eskolara azaldu ziren "bi gizon ezezagun, gazte, altu eta indartsu". Hasieratik hartu zieten kalez jantzitako polizien tankera. Besteak beste, jende guztia Guardia Zibila edo Espainiako Polizia noiz etorriko zain urduri zegoela, "han ginen euskaldunok zertan ari ginen adi-adi begiratzen ari ziren bi gizon horiek, eta bereziki CDRn parte hartzen ari ginen bi euskal herritarron lanari begira". Bi gizon horiek euskaraz mintzo ziren elkarrekin.

Denborak aurrera egin ahala, haiekin hitz egiten saiatu ostean, eskolatik kanporatzea erabaki zuten han bildutakoek. "Ez bazuten hemen bozkatu behar, mesedez, segurtasunagatik, alde egiteko esan genien", adierazi du CDRko kide euskaldun batek. Behin eskolatik kanporatuta, susmo bera zuten katalan batzuek bi gizon horiengana hurbildu eta identifikatzeko eskatu zieten. "Orduan gure susmoak baieztatu ziren, biak polizia-agente gisa identifikatu ziren". Ez zuten aipatu zein polizia taldetakoak ziren. "Euskaraz hitz egiteak ez digu bermatzen Ertzaintzako kideak izatea, baina gure susmoa da, euskaldunak zelatatzen ari zirela ikusita, ertzainak izatea".