argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz ikastearen aldeko mobilizazioa Leioako campusean
  • 11:30ean Leioako campuseko Mikel Laboa plazan euskaraz ikasi eta bizitzearen aldeko mobilizazioa deitu du Leioatik! proiektu komunikatiboak, hainbat elkarte eta talderekin batera, "unibertsitatean euskarak duen presentzia eta garrantzia eskasa salatzeko".

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 12a

Leioako kanpuseko Medikuntzako Asanbladak, Zuzenbideko Ikasle Asanbladak, Zientzietako euskara taldeak eta Leioako Ikasle Abertzaleek egin dute bat deialdiarekin. Aurrez, 11:00etan, fakultate bakoitzean elkarretaratzeak egingo dira. Halaber, Medikuntza Asanbladako eta Zuzenbideko Ikasle Asanbladako kideek euren kexak errektoretzan erregistratzea aurreikusten da.

"Mobilizazio hau euskararen alde lan egiteko prest dagoen ikasle, irakasle, langile, asanblada eta taldeak elkarren artean saretzen hasteko baliatu nahi dugu", diote ikasleek. "Elkarri dagoeneko martxan dauden iniziatiba eraikitzaileen zein aldarrikapen zehatzen berri emateko ere baliatu nahi dugu mobilizazioa".

Aurrerantzean "euskararen inguruko lanketa sakonari" ekingo dio proiektu komunikatiboak. "Izan ere, EHUn dagoen euskararen presentzia tamalgarria dela uste dugu. Euskal Herriko Unibertsitatea bada ere, euskara bigarren maila batean dagoen irudia dugu".