argia.eus
INPRIMATU
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez
  • "Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen sustapena duen hedabide baten zuzendari izateko", dio EITB Mediako LABek plazaratutako oharrak. "Ba al du logikarik belaunaldi berriei eskainitako eskaintza euskara hutsean diseinatu ondoren (Makusi, Gaztea, Primeran… ) EITBren arlo digitala gidatuko duen pertsonak euskaraz ez jakitea?", galdegin du sindikatuak.

ARGIA @argia 2024ko abenduaren 27a

"Euskararen aurkako eraso larri baten aurrean gaude", LABek salatu duenez. "EITB osoko langileen hizkuntza eskubideak bakarrik ez, euskal gizarte osoarenak urratu dira. Euskara eta euskal hiztunak gutxietsi dira, eta hedabide publiko honetako langileon ardura da eraso hauek gelditzeko lan egitea. Osterantzean, konplizeak ginateke. Hautaketa prozeduratik hasita, urraketak bata bestearen atzetik eman dira, eta berehalako zuzenketa eskatzen dugu".

Hautaketa prozesuari dagokionez, EITBk berak ezarritako baldintzak ez direla errespetatu dio sindikatuak. "'Ingelesa eta euskara jakitea, ulermenerako eta ahozko eta idatzizko adierazpenerako trebetasunak erakustea' zioen lan deialdiak. Are gehiago, 'idatzizko eta hitzezko komunikaziorako aparteko trebetasunak' ere kontuan hartuko zirela aipatzen zuen".

Patxi Lopez lehendakari bihurtu zuen kanpainako buru

Kazetari eta Big Datan aditua da Nagore de los Rios bilbotarra. Bilboko Udalean eta Errioxako Gobernuan lan egin du, baita Munduko Bankuarentzat ere, eta Jaurlaritzaren "Irekia" sortu zuen,  "Open Government ereduko hispanierazko lehenbiziko plataforma", haren Linkedin-eko kontuan irakurri daitekeenez.

Halaber, COPE eta SER irrati kateetan aritu da, eta PSE-EEko Komunikazio-zuzendari moduan ere lan egin du. Hain justu, berak zuzendu zuen Patxi Lopez lehendakari kargua hartzera eraman zuen kanpaina, Eldiario.es-en irakurri daitekeenez

Nagore de los Riosen zuzendaritzapean borobilduko da EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua. Haren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea, LABek argitu duenez. Era berean, EITBren sare sozialetarako estrategiaren ardura ere hartuko du, webera zein EITBren plataformetara (Primeran, Makusi, Guau, Nahieran…) audientzia erakartzeko ildoak diseinatuta eta EITBren entretenimendu programen webgune eta sare sozialak koordinatuta.