argia.eus
INPRIMATU
Talde eragilea aurkeztu dute bestelako hizkuntza politika batzuen aldeko Batuz Aldatu dinamikan
  • Kontseiluaren dinamizaziopean, iaz ehundik gora euskal eragilek Batuz Aldatu dokumentua adostu zuten, euskaraz bizitzeko bidean urratsak emateko konpromezuarekin. Larunbatean Lehen Biltzarra egin du dinamikak, eta eremuz eremuko euskararen lehentasunak zehaztu dituzte: besteak beste, administrazioak eskainitako zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea, edota ikasle guztiei bermatzea euskararen gaitasun egokiak.

Lide Iraola 2022ko azaroaren 07a
Batuz Aldatuk badu Talde Eragilea bestelako hizkuntza politika sustatzeko.

Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten hizkuntza politikak bultzatzeko helburuz, Batuz Aldatu dinamikak Lehen Biltzarra egin du larunbatean, Donostian. Ehundik gora eragile biltzen ditu ekimenak —ikusi zerrenda hemen—; adostasun sozial “handi eta anitza”, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, baina orain indar sozial hori adostasun politiko bihurtu nahi dute. Bidea jorratzeko hamar elkarteko Talde Eragilea aurkeztu dute Donostian. Ondorengoek osatuko dute:  AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa, Nafar Ateneoa eta Zabalik elkartea.

Iazko ekainean sortu zuten, ehundik gora eragileren babespean, Batuz Aldatu dinamikaren oinarria den dokumentua. Talde sozial guztiek erakutsi zuten mugimenduaren parte izateko konpromezua, eta lehen helburuak zehaztu zituzten: batetik, eremuz eremuko lehentasunak identifikatzea, eta bestetik, adostasun soziala politiko bihurtzeko urratsak ematen hastea.

Larunbateko Lehen Biltzarrak helburu horiei erantzun die. Bai Euskal Herri mailan, baita euskara ofiziala den edota ez den eremuetan, lehentasunak sailkatu dituzte. Administrazioan, herritarrei zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko epemuga zehaztea adostu da. Berdin administrazioak kudeatzen dituen eremuetan: hala nola, aisialdi eta kirol eskaintzak euskaraz izatea. Hezkuntzan, ikasle guztiei euskararen gaitasun egokiak bermatuko dizkien eredu bat ezartzea eskatuko dute.

Kulturari dagokionez, bidea jorratu nahi da sortzaileari langile eskubideak aitortuko dizkion estatusa berariaz garatzeko, eta euskarazko kultur sorkuntzaren produkzioarentzat inbertsioak handitzeko. Azkenik, zehaztu dute hedabideetan finantzazio-sistema egonkorra eta euskarazko ikus-entzunezkoen presentzia bermatzea euskarri desberdinetan.  

Talde motor horren ordezkariek nabarmendu dute “guztion bat egiteak” ekarriko duela “euskaraz eroso bizitzea ahalbidetuko duen agertokia”. Horregatik, adostasun soziala ahalik eta gehien zabaltzen jarraitzea espero dute. Aurten Batuz Aldatu biltzarrera batu dira eragile berriak ere: Ekonomisten Euskal Elkargoa, GAURGEROA (Euskal Herriko Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea), Gazte Euskaltzaleon Sarea, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua, HiTZ (Euskal Teknologiako Zentroa), Lanartea (Euskararen Langile Profesionalen Elkartea), Pantailak Euskaraz, Sukar Horia, UZEI, Xake Espazioa eta XUTI (Ipar Euskal Herriko gazteen erakundea).

Batuz Aldaturen dinamizatzaile den Euskalgintzaren Kontseiluaren eledunak azaldu du “hizkuntzaren aferan denok dugula zer egin eta zer esan”, eta garrantzitsua dela eragile guztiek hizkuntzaren ikuspegia txertatuta izatea. Dei egin du “elkarrekin eragiteko espazioak eraikitzera” emaitza politiko eraginkorrak lortzeko.