Filosofiako proba euskaraz idaztea “izaera politiko eta aldarrikatzailea” duen ekintzatzat ikusi dute zuzentzaileek, azterketa frantsesez baino ezin baita egin. Ikasleetako bati, baina, etsamina zuzendu diote eta 20tik 12 puntu lortu ditu.
Filosofiako azterketa euskaraz egin duten Bernat Etxepare lizeoko ikasleek ez dute proba gainditu, unibertsitatera joan baino lehen egin behar duten azterketa euskaraz egiteagatik. Zuzentzaileek etsaminetan egidako oharretan gaitzetsi egin dute euskaraz idazteak duen “izaera politiko eta aldarrikatzailea”. Bakar bat izan da Filosofiako proba Baxoko batez bestekoan kontuan hartzea lortu duen ikaslea, Euskal Irratiek zabaldu dutenez: 12 puntu lortu ditu 20tik.
Gainerakoen artean, 20 puntuko proban 6 puntukoa izan da baloraziorik altuena. Gazteek azterketa osoa euskaraz idatzi zuten, hasieran frantsesez idatzitako ohar bat izan ezik. Bertan, “euskaraz ikasteko nahia” azaldu zuten.
Irakasleek ez zuten zuzendu euskaraz idatzita zegoena, eta hasierako aldarrikapen testu horren balorazioa baino ez zuten egin. Kazeta.eus hedabideak irakasleek egindako hainbat ohar bildu ditu. Horietako batek horrela azaltzen du: “Nota sarrerari dagokio, soilik hau frantsesez izan delako idatzia. Garapena euskaraz dago. Nozioen analisiek zorroztasun eskasa dute. Sarreraren bukaera aldarrikapen bat da”.
Beste batek “arrazoi militanteengatik” egindako azterketa dela azaltzen du, eta ez dela oinarrizko arauak errespetatuz egin: “Kopia ezin da balioetsi bere edukian”. Hirugarren batean, euskaraz idatzitako probak “eskakizun metodologikoak” betetzen ez dituela azaldu du zuzentzaileak, eta ikasleak ez duela “gaiaren analisirik” egin. Lana euskaraz egiteko ezintasuna ere nabarmendu dute oharretan: “Eskaturiko itzulpena jaso gabe, nik ezin dut 5/20 gainetik igo”.
Azterketaren bukatu ondoren, Bernart Etxepare lizeoko ikasleek agerraldia egin zuten Euskadi Irratiaren aurrean. Hedabideari azaldu ziotenez, “etorkizunean azterketak euskaraz egiteko bidea erakitzen” lagundu nahi dutelako egin zuten azterketa euskaraz. “Arazoa ez da frantsesez dugun gaitasuna, azterketako notek argiki frogatzen baitute gainerateko lizeoetako ikasleen pare ibiltzen garela. Euskaraz ikasteko eskubidean datza auzia. Azterketa honetan frantsesez erantzun behar izateak sinbolikoki ere euskarari garrantzia kentzen dio, euskarazko irakaskuntza bigarren mailan utziz", gehitu zuten gazteek.
Bestalde, Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituak arautzen dituen Molac legean egindako aldaketen kontra agertu ziren. Euskarazko murgiltze ereduari eragiten dion laugarren artikulua Konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuten maiatzean.
Brebeta, 14 eta 15 urteko ikasleek kolegioko eskolaratzea gainditzeko egin behar duten azterketa, ekainaren 28 eta 29an egin zuten Frantziako Estatuan. Seaskako ikasleek ekaina eta uztailean zehar hainbat elkarretaratze eta ekitaldi —Amikuzeko kolegioa okupatzea kasu— egin zituzten azterketa hauek euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko. Baxoarekin gertatzen den moduan, frantsesez baino ez dakiten irakasleek ebaluatzen dituzte azterketak.