2016. urteari dagokion txostena aurkeztu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Donostian. “Euskaraz bizi nahi duten herritarrek hutsune handiak aurkitu dituzte”, nabarmendu du Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik. Administrazioa euskalduntzeko une estrategikoan gaudela gaineratu du, eta kontratazio politikan euskararen aldeko apustua eskatu.
Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 21. urteurrenean aurkeztu ditu Behatokiak iazko txostenaren emaitzak. Inoiz baino kexa gehiago jaso dituzte, eta guztira 1.600 dosier inguru ireki. 2015eko amaieratik martxan dagen Akuilari aplikazioak lagundu du gorakada horretan.
“Herritarrek maiz adierazi dute inpotentzia, atsekabea, amorrua, nekea…”, adierazi du Behatokiak. “Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, hutsune handiak izan dira”. Osasun arloan izan da kexa gehien, polizian eta justizian ondoren..
Administrazioko langile askok laster erretiroa hartuko dutela eta hortaz aldaketa garaia datorrela azpimarratu du Garbiñe Petriatik. Abagune hori bestelako kontratazio politika bat abiatzeko aprobetxatzeko eskatu du Behatokiko zuzendariak, “hizkuntza eskubideak errespetatu eta herritar guztien berdintasuna errespetatzeko”. Bide batez, Nafarroako Gobernuak lan deialdietan izandako irizpideak kritikatu ditu, askotan euskara kontuan hartu ez dutelako.