argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde ekitaldia eginen dute larunbatean Iruñean
  • Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko jaialdia eginen dute Iruñeko Anaitasuna pabilioian larunbat honetan. Kontseiluak antolatutako jaialdi honen bidez, aldarrikatuko dute euskarak Nafarroan aurrera egingo badu “beste hizkuntza politika batekin” izanen dela.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko apirilaren 21

“Hizkuntza politika berria eta eragingarria behar du hortaz, euskarak. Axaleko aldaketa baino, egiturazko aldaketa behar da egoera iraultzeko aukera emango diguna”, adierazi du Maite Inda Kontseiluko kideak.

Ekitaldia herritarrei “eskerrak emateko” baliatu nahi dute: “Etengabe lanean, eraikitzen, ikasten, irakasten... zailtasunez beteriko testuinguruan irtenbideak bilatzen jakin dute herritarrek eta etorkizunean ere, haiena izango da protagonismoa”.

Kontseiluak antolatutako ekitaldia bada ere, gero eta atxikimendu eta babes handiagoa jasotzen ari da. Sindikatu ugarik euskaraz bizitzeko lan eremuak euskalduntzeko beharra azpimarratu dute. Era berean, Iruñeko hainbat eragile sozialek salatu dute Nafarroako Gobernuak euskararen kontra egiten duena "onartezina" dela: “Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok ez dugu horretarako aukerarik nahi dugun guztietan”. Hori dela eta, apirilaren 25ean Anaiatasunan herritarrak bertaratzeko deia egin dute: “Aldaketa gu guztion bultzadaz etorriko baita”.

Egitarau oparoa prestatu dute larunbaterako. 10:00etan Ezkaba mendian lasterketa “ez lehiakorra” eginen dute. Gero, 14:00etan, bertso bazkaria Julio Soto, Alaia Martin eta Fredi Paiarekin. Bukatzeko, 18:30ean hasiko da ekitaldi nagusia.