Kontseiluak ekainaren 4rako egin du deialdia. Nafarroan, aldaketaren gobernuak hizkuntza politika sendoagoa egin dezan eskatuko dio, eta era berean, oposizioaren oldarraldien aurrean babesa eskainiko dio.
Herritarrak pentsa dezake: “Orain euskararen aldeko manifestazioa Iruñean? Aurreko gobernua zegoenean bai, baina oraingo gobernuarekin?”. Bada, Kontseiluak uste du badirela arrazoiak ekainaren 4an euskaltzaleak Iruñean biltzeko.
Kontseiluaren iritziz, euskararen gaian jauzia egiteko garaia da, aldaketaren gobernuaren aldetik. Neurri ausartak hartu behar dira, bai plangintzan baita baliabideei dagokienez ere. Kezkatuta dago adibidez, gobernua osatzen duten lau alderdi politikoen artean (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) Euskararen Legeaz adostasunik ez dagoelako. Euskararen Legea bera aldatzera iritsi gabe ere, UPNk hartutako bestelako hainbat neurri bertan behera utz daitezkeela uste du Kontseiluak.
Kontseiluak euskarari bide eman behar zaiola dio, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako. Harrituta dago hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu diren erabaki batzuek sortu duten erantzunarekin.
Bada hirugarren arrazoi bat ekainaren 4an Iruñean manifestazioa antolatzeko. Herritar euskaltzaleen babesa adierazi nahi zaio gobernuari, beti ere beharrezkoak diren neurriak hartzen baldin baditu.
2010ean, Kontseiluak deituta, manifestazioa egin zen Iruñean, UPNren gobernuak 2009an normalizazio prozesuari beste zartako bat eman eta gero.
2015ean Anaitasuna kiroldegia bete zuten euskaltzaleek, lau alderdiek osatutako gobernuari esateko, aldaketaren gobernua bazen, aldaketa hura euskaratik eman behar zuela.
2016an neurri ausartak eskatzen dizkio Kontseiluak gobernuari, eta hala izango bada euskaltzaleen babesa izango du.