argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz bizi eguna ospatuko dute apirilaren 5ean Gasteizen
  • “Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi” lelopean egitarau zabala izango du jaiak. Gasteizko eragileekin auzolanean antolatuko du Euskal Herrian Euskarazek (EHE).

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 19a
Aurten Gasteizen izango den Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu du Euskal Herrian Euskarazek (EHE).

11:00etan emango diote hasiera egunari Porrotxek botako duen txupinazoarekin. Goizean kale animazioa izango da protagonista: trikitilariak eta dultzaineroak Alde Zaharretik barna ibiliko dira eta Aihotz plazan herri kirol erakustaldiak eta artisauen azokak izango dira, baita umeentzako tailer eta jolasak Urtxintxaren eskutik.

14:30tan ehunka lagunentzako herri bazkaria izango da eta Izaki Gardenak taldeak girotuko du otordua eta bazkalostekoa.

Arratsaldean manifestazioak Gasteizko kaleak zeharkatuko ditu. Bertan parte hartzeko dei berezia luzatu diete EHEko kideek euskaldun eta euskaltzale guztiei. Andra Mari Zuritik aterako da 18:00etan.

Arratsalde-gau partean, musika izango da ardatz. TTek elektrotxaranga, Dantza Plaza, Tximeleta eta Gose taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango du bertaratzen den orok.

Jaira deialdia egiteko ondorengo spota zabaldu dute.